argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria antimilitarista dela aldarrikatuko du EH Bilduk apirilaren 20ko Aberri Egunean
  • Mundua "oso azkar" aldatzen ari dela azaldu du Arnaldo Otegik, militarismorantz eta autoritarismorantz doala, eta norabide horren aurkako jarrera duela koalizio subiranistak.

ARGIA @argia 2025eko martxoaren 11
EH Bildu

Beste behin, Iruñean ospatuko du Aberri Eguna EH Bilduk, apirilaren 20an, eta hiri buruzagian egin du iragarpena Arnaldo Otegik, harresian, Redingo bastioian. "Askatasuna" aldarrikatuko du koalizio subiranistak festa eta mobilizazio egun horretan, Euskal Herria nazio bat dela oihukatuta. 

"Egoera oso zehatz eta korapilatsu batean egingo dugu Aberri Egun hau", adierazi du Otegik, eta horrela ekin dio irakurketa globalago bati: "Aspaldi gertatzen ari bada ere, azelerazio prozesu batean gaude orain; mundua aldatzen ari da, okerrera eta oso azkar". Otegiren esanetan, II. Mundu Gerraren ostean eraiki ziren instituzioak, bakea ezartzeko zirenak, "hankaz gora" daude egun, eta "oihanaren legearen pean" ari da antolatzen nazioarteko ordena, "militarismoan eta autoritarismoan". Hori kaltegarria da Euskal Herriarentzat eta munduarentzat, EH Bilduren esanetan. Otegik uste du, ordea, Euskal Herria "beste norabide batean" doala, "euskal errepublika ezartze bidean". 

Efemeride batzuen tartean egingo da aurtengo Aberri Eguna, eta horri begira ipini da Otegi: izan ere, 50 urte beteko dira azaroan Franco hil zela –frankismoa ez zela hor hil, hala adierazi du–, eta oraindik ez badira ere 50 urteak konplituko, Otegik gogoan hartu du NATOri ezetz esan ziola Euskal Herriak.