argia.eus
INPRIMATU
Aniztasunaren aldeko danbor martxa egingo du EH 11 Kolorek Donostian
  • Aniztasunaren Alde 11 Kolore Fest eguna antolatu du Euskal Herria 11 kolore egitasmoak ekainaren 1ean Donostian. Aniztasunaren aldeko danbor martxa izango da eguneko ekitaldi nagusia.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko apirilaren 29a
Abenduan egin zuten EH 11 koloreren aurkezpena (argazkia: eh11kolore.org)

Bai aniztasuna! Gora aniztasuna! Izango da egun horretako aldarrikapen leloa. Igandean egin dute aurkezpena San Telmo museoan. Xabier Mendiguren Bereziartu bozeramaileak esan duenez, “bada garaia herri gisa aniztasunaren alde oihu egiteko; herri honetako biztanle guztiak, nonahitik datozela ere, euskal herritarrak garela esateko”.

Mendigurenek Euskal Herria betidanik herri plural bat izan dela gogorarazi du: “Jatorri anitz dituen herria gara, eta etorkizun bera duena”. Krisi garaian aniztasuna eta elkartasuna mantentzea ere beharrezko gauza dela esan du.

Abenduan sortu zen EH 11 Kolore egitasmoa, eta bere manifestuak dagoeneko 600 atxikimendu lortu ditu.

Danbor martxa egingo dute Ekainaren 1ean. “Ez dago hizkuntza anitzagorik perkusioa baino” azaldu du Mendigurenek. “Gainera, ez dezagun ahaztu Donostia danborradaren hiriburua dela”. 17:30ean abiatuko da martxa Alderdi Ederretik.

Danbor martxaren aurretik flashmoba egingo dute perkusio doinuekin. Harkaitz Martinez de San Vicente Oreka Tx taldeko musikariak, Olatz de los Santos dantzariak eta Iñigo Egia perkusio jotzaileak Atanbora izeneko pieza sortu dute, martxaren ereserkia izango dena. Flashmoba pieza honekin egingo da, eta bertan parte hartzeko, jendea perkusio tresnekin bertaratu dadin animatu dute; Youtuben ikusgai dagoen kantaren zati bat ikasita.