argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herri osoko Mintzalagun taldeen hiriburu bilakatuko da Hendaia ekainaren 5ean
  • Bi urtez ezin ospatu ondotik, Euskal Herriko Mintzalagunen urteko besta Hendaian antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak ekainaren 5ean. 30 urte betetzen dira “mintzalagun taldeak” sortu zirenetik. Eta dinamika azkartu baizik ez da egin, gaur egun, Euskal Herri osoan zabalduak daude. Azken datuen arabera, 6.000 pertsonatik gora biltzen baitira astero aurrez-aurrekoan. Eta pandemiak topagune hauek arriskuan jarri dituen heinean, alternatiba eraginkorra bilakatu den bilera telematikoen bitartez beste 1.000 lagun dira euskara praktikatzeko interneta baliatzen dutenak.

Antxeta Irratia 2022ko maiatzaren 16a

Ikasturteari amaiera emateko, egun osoko egitaraua prestatu dute Hendaian. 'Probatu ez duenak ez daki zer den hau” lelopean, aurtengo Mintza Egunak Euskal Herri osoko mintzalagunen taldeak bildu nahi ditu, eta Maite Agirrek, Mintza praktika batzordeko koordinatzaileak azaldu digunez, Hendaiako Mintzaian euskara elkartearekin elkarlanean prestatu dute. Hendaian zehar bisita gidatuak, bertso emanaldia, haurren txokoa, herri bazkaria, mintza poza jolasa eta erromeria 'Imuntzo eta Beloki'ren kontzertuarekin.

Aurtengo Mintza Egunak ere badu beste gehigarri bat, Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Gorrak Federazioak proposatuta, gor eta entzumen urritasuna duten pertsonek parte hartzeko baliabideak jarriko dituzte

Herri bazkarian izena emateko edota egitarauari buruzko informazio guztia eskuratzeko: www.mintzalaguna.eus webgunean sartzea besterik ez duzue.