Bertsozale Elkarteak Bertsolaritza ikastetxean programaren bidez lantzen du Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ikastetxeetan bertsolaritza: 50 irakasle aritu dira ikasturte honetan, ikastetxeetarako berariaz prestatutako materialarekin gela barruetan bertsolaritza irakasten. Ikasturte bukaerarako 288 jaialdi antolatu dituzte, gela barruan landutakoa publiko aurrera ateratzeko. Beste hainbat ekimen ere egin dituzte, jendaurrekotasunean trebatzeko.
Bukatzear den 2021-2022 ikasturtean, zazpi lurraldeetako 511 ikastetxetan eskaini du bertsolaritza proiektua Bertsozale Elkarteak: 29.972 ikaslek landu dute bertsoa Bertsozale Elkarteko 50 irakasleen eskutik.
Bertsolaritza ikastetxean programan dauden hainbat ikasgelaren eskutik, 288 bertso jaialdi egingo dira ikasturtea agurtzeko; gehienak Gipuzkoan. Ikasleek eskolan bertan, herri mailan zein eskualdeka elkartuta emanaldiak eskainiko dituzte jendaurrean. Oholtzan aukera izango dute aurrez prestatutako ikuskizuna eskaintzeko eta baita bat-batean egiteko ere.
Ikastetxeetako jaialdiez gain, beste hainbat saio berezi ere egiten dira ikasturte amaieran bertso-eskoletan, oholtzara igo eta adinkideen aurrean kantuan aritzeko. Hamaika topaketa egiten dira bertso-eskolen artean, bereziki, Araban eta Nafarroan.
Bestelako ekimen batzuen bidez ere, bertsolari gazteek izan dute oholtzara igotzeko aukera ikasturte osoan zehar: esate baterako, Bizkaiko Plazara! edota Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan egiten den Haizea Dator ekimenen bidez.