Ostiralean ezarri zen indarrean Ipar Euskal Herrian gaueko etxeratze agindua eta Frantziako Asanbladak larrialdi egoera otsailaren 26 arte luzatzea erabaki du. Espainiako Gobernuak ezarri berri duen alarma egoerak bi debeku hauek jarri ditu Hego Euskal Herrian: bai eremu publiko zein pribatuetan, eta bai kanpoan zein barruan, gehienez sei pertsona elkartu ahal izango dira. Eta gauean ezingo da kalean egon 23:00etatik 6:00etara. Nafarroako eta EAEko autonomia erkidegoek gaueko etxeratze agindu horren ordutegia ordubete mugitu ahal izango dute; hau da, aurreratu ahalko dute etxeratze ordua (22:00etara) edo atzeratu (07:00etara).
Nafarroako eta EAEko autonomia erkidegoek erabakiko dute ea beren lurralderako sartu-irtenak itxi nahi dituzten edo ea eskualderen bat ixtea nahi duten.
Izan ere, oraingo alarma egoera honetan, Espainiako Osasun Sailak ez du aginte gorena izango: osasunari buruzko eskumenak autonomia erkidegoenak izango dira eta hauetako lehendakariek izango dute autoritate gorena. Espainiako Osasun Sistemaren Lurraldearteko Kontseilua astero bilduko da, Gobernuko eta autonomietako osasun sailburuekin, eta organo hau kooperaziorako eta "ko-gobernantzarako" gune izango da.
Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri du urriaren 25ean, eta indarrean sartu da egun horretako arratsaldean bertan. Oraingoz hamabost egunez ezarri dute, hori baita Gobernuak unilateralki dekretatzeko duen muga, baina Sanchezen taldearen asmoa maiatzaren 9arteko alarma egoera ezartzea da, hau da, sei hilabetekoa. Hori Espainiako Kongresuak onartu beharko du, aste honetako bilkuran.
Frantziako Asanbladak urriaren 24 arratsaldean erabaki du larrialdi egoera otsailaren 26 arte luzatzea. Gaueko etxeratze agindua asteburu honetan ezarri da indarrean Ipar Euskal Herrian, Frantziako Estatuko beste 38 departamendutan bezala. 21:00etatik 6:00etara ez da aizu kalean egotea.