Nafarroako Gobernuak auzitegietara jo du ostalaritzako ordutegia eta aforoak mugatzeko. EAEn ere Eusko Jaurlaritzak LABI batzordea bilduko du asteartean, eta Ipar Euskal Herrian Frantziako Gobernuko ministroen kontseiluak hartuko dituen erabakien zain daude.
Ómicron aldaeraren kutsagarritasuna dela eta, Covid positiboen kopurua gora eta gora ari da lurralde guztietan –EAEn, esaterako 100.000 biztanleko 2.000 positiboren langa gainditu du intzidentzia tasak– eta, nahiz eta oraingoz ospitaleetan igoera hori ez den modu berean igartzen ari –ikerketa zenbaiten arabera gaixotasuna arinago igarotzen da–, agintari politikoek neurri murriztaileak gogortzeko asmoa erakutsi dute urte zahar gauetik aurrera.
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusira jo du ostalaritzaren itxiera eskatzeko goizaldeko 1:00etatik aurrera, gutxienez urtarrilaren 14ra arte. María Chiviteren gobernuak, gainera, Covid ziurtagiriaren derrigortasuna eremu gehiagotara zabaldu nahi du (hotelak, gimnasioak, dantzalekuak...), eta mahaietan kontsumitzeko eta aforoak mugatzeko araudia onartu nahi du, epaileek oniritzia emanez gero.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere neurri gogorragoak etor litezke asteazkenetik aurrera, Astearte arratsaldean da biltzekoa Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria buru duen LABI batzordea eta, besteak beste, ostalaritzako ordutegia eta beste instalazioen edukierak mugatzeko asmoa azaldu Eusko Jaurlaritzak, kasu honetan dekretu bidez eta aurrez auzitegietara jo gabe, beste batzuetan egin bezala.
Zentzu horretan, haserre hitz egin du Haika Aizpuru Gipuzkoako Ostalarien elkarteko gau aisialdirako arduradunak Euskadi Irratian: "Bi urte daramatzagu froga-akats froga-akats eta froga-akats egiten. Horrela ezin da ezer aurrera eraman. Seriotasuna falta da gure agintarien aurrean".
Ipar Euskal Herrian, berriz, Emmanuel Macronen gobernuak zer erabaki zain daude orduotan. Ministroen Kontseiluak maskararen eta Covid ziurtagiriaren derrigorrezko erabilerari buruzko araudia gogortzea erabaki dezake, besteak beste, eta eskoletara itzulera egun batzuk atzeratzea ere badute mahai gainean. Frantzian urtarrilaren 24tik 25erako egunean igaro zuten eguneko 100.000 kutsaturen langa, baina ospitaleetan ez da halako presiorik nabaritzen, eta horren ondorioz espero da Macronek ez duela neurri "muturrekorik" hartuko.