Makro-epaiketen salaketatik eskubide zibil eta politikoen defentsara salto egitera bidean, mugimendua nola indartu eta nola koordinatu aztertu dute Eleak mugimenduak eta Libre dinamikak asteburu honetako Konpromiso egunean.
Larunbat goizean Eleak mugimenduaren eta Libre dinamikaren baitan sortutako herri eta auzoetako taldeak nola antolatu eta indartu eztabaidatu dute.
Urraketa orori erantzuna emanen dion Euskal Herri osoko Herri Harresia osatzea jarri dute helburutzat: “Defentsa edo erresistentzia ikuspuntu batetik borroka ideologikorako jauzia egitea lortu behar dugu”. Horretaz hausnartzeko eztabaida prozesua abiarazi dutela jakinarazi dute: “Gure helburua masa kritikoa gorpuztea izan behar da”.
Antolakuntzari dagokionez, herrietako dinamikak mugimenduaren “bihotza” diren bezala, borroka “eraginkorra” izateko ez ote den behar indarrak “batu eta koordinatuko” dituen gune bat eztabaidatzen ari dira. Gune hori Eleak izan litekeela adierazi dute.
Arratsaldean manifestazioa egin dute “Desobedientziaz libre, epaiketa politikorik ez” lelopean. Epaiketa politikoen amaiera eskatzen duten oihuen artean manifestazioak Donostiako karrikak laranjaz blaitu ditu.
Txerra Bolinaga Eleakeko kideak mugimendua indartu eta koordinatzeko garaia ez ezik, makro-epaiketen aurka aritzetik eskubide zibil eta politikoen defentsara salto egiteko garaia dela nabarmendu du. Era berean ate joka dauden auziei adi egoteko deia egin du.
“Desobedientzia, elkartasunetik konpromisora" dokumentala ere aurkeztu dute. Eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendua ikusarazi eta ikus-entzunezkoa eztabaidarako tresna izatea nahi dute. Horretarako dokumentala herri eta auzoetan proiektatzeko asmoa dute.