argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako suhiltzaileek militarren parte hartzearen aurka egin dute
  • Militarren parte hartzea Espainiako Defentsa Ministerioaren aurrekontuak justifikatzeko dela adierazi dute zenbait sindikatuk, eta zerbitzu publikoen indartzea aldarrikatu dute. Gastu militarren ordez gastu sozialak eskatu dituzte.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 16a
Suhiltzaileen kamioi bat. Argazkia: Cadena SER.

LAB, ELA, CUT (Central Unitaria de Traballadoras), CIG (Confederación Intersindical Galega), Intersindical CSC, Cobas (coordinaadora Obrera Sindical), CGT eta Bombers per la República sindikatuek militarren parte hartzea salatu dute. “Militarrek lan zibilak egiteak, Espainiako Estatuak ematen dizkien aurrekontuak justifikatzea eta oinarri demokratiko eskaseko armada baten irudia garbitzea beste helbururik ez du ”.

Suhiltzaileek, beste hainbat sektoretako langileekin batera, krisi honetako lehen lerroan daudela esan dute; lanorduak bikoiztuz eta askotan boluntarioki lan eginez. Hala ere, Europar Batasunak zerbitzu publikoetan austeritate neurriak ezartzen dituela salatu dute, Espainiako Gobernuaren eta beren herrialdeetako gobernu autonomikoen onespenarekin.

Beren lanbidea prekarizatua dela gehitu dute, eta azpimarratu dute prekarizazio hori bera bultzatu dutenak krisiaren irtenbidea militarren parte hartzean datzala sinetsarazi nahian dabiltzala. Gastu sozialetetako aurrekontua gutxitzen joan den heinean defentsakoa bere horretan mantendu dela salatu dute, eta zerbitzu sozialetako aurrekontua handitzeko eskatu dute.