Asteazkenean mobilizazioa egingo dute bigarren urtez jarraian, "ipar global eta zuriaren menderatze historikoa" salatzeko.
Elkanok mundu bira bukatu zueneko urteurrenean "Euskal Herria dekoloniala" aldarrikatuko dute Gasteizen, asteazkenean. Sustraiak taldeak mobilizazioa deitu du irailaren 6an General Loma plazan, 19:00etan, Gora Euskal Herria dekoloniala lelopean.
Iaz 500 urte bete ziren getariarra Sanlucar de Barramedako portura (Cadiz, Andaluzia) iritsi zenetik. Horregatik, jaiegun izendatu zuten irailaren 6a Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horren aurrean, dozenaka lagun elkartu ziren Arabako hiriburuko General Loma enparantzan, "Eusko Jaurlaritza zein Espainiako Gobernua pertsonaia honen inguruan zabaltzen ari ziren errelatoa zalantzan jartzeko" asmoarekin.
Aurten ere salatuko dute "ipar global eta zuriaren menderatze historikoa" eta hark eragindako "menderakuntza eta esklabotza". Sustraiak-ek zabaldutako testuan azpimarratu duenez, gure zibilizazioaren diskurtsoak "konkistatzailea abenturazale eta ustiatzailea inbertsore" bilakatzeko asmoa du.
Elkano eztabaidagai
Eztabaida iturri izan zen iaz jaieguna eta Mundu Biraren mendeurrenaren inguruko ospakizunak. Erakundeek babestu eta sustatutako kontakizunak azpimarratzen zuen itsas-espedizio horren buru euskaldun bat izatea, garai hartan euskaldunak itsasoan onenak eta trebeenak izatearen ikurra zela. Beste zenbait herri mugimenduk eta eragilek Elkanoren espedizioa orduko Espainiako Inperioaren hedatze kolonialaren zati gisa nabarmendu zuten, diskurtsoaren azpimarra dekolonitatean jarrita.