Abenduaren 13an Ondarroan egingo da Emakume Abertzaleen VI. Topaketa Feminista. Euskal Herriko Bilgune Feministak dio, Euskal Herria, feminismoak eta patriarkatuak aldatu egin direla duela 12 urte Bilgunea bera sortu zenetik. Beraz, aldatzen ari den oro ulertzeko eta erantzun bat emateko gogoeta egingo dute.
Jostorratzak dantzan ditugu! Euskal Herriaren burujabetza feministarantz! izena jarri diote aurtengo topaketari eta egun osoko jardunerako hiru helburu zehaztu eta idatzi dituzte:
“Batetik, Euskal Herrian bizi dugun krisi sistemikoaren testuinguru honetan, patriarkatua hartzen ari den formen, irudien, adierazpideen, hein batean, eraginen inguruko azterketa edota identifikazioa egitea. Eta hauei aurre egiteko feminismotik ikusten ditugun aukerak eta zailtasunak konpartitzea.
Bestetik, euskal feminismotik Euskal Herriak bizi duen ziklo politiko berriaren aurrean jendarte eredu alternatibo bat eraikitze bidean dauden aukera eta oztopo berriak identifikatzea; Euskal Herriko burujabetza feminista.
Azkenik, etorkizuneko konpromiso eta akordio politiko berriak gauzatzeko, Euskal Herri feminista lortzea helburu dugun feministon sarea indartzea eta kohesionatzea”.
Goizez lantaldeak bilduko dira hausnarketarako eta ondoko izenburupean arituko dira: Kapitalismo heteropatriarkala Euskal Herrian. Zeintzuk dira aldaketa feministarako gakoak?.
Arratsaldean berriz, Trantsizio feminista: intzidentzia politikoa, estrategiak eta boterea(k) gaitzat hartuta, Ainhoa Etxaide Amorrortu, Ana Murcia Guevara, Idurre Eskisabel Larrañaga, Josebe Iturrioz Lopez, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Saioa Iraola Urkiola arituko dira mahai-inguruan.
Jule Goikoetxeak topaketara joateko gonbitea luzatu du Berrian idatzitako Euskal Trantsizio Feminista artikuluaren bidez.
Honela dio pasarte batean: “Horregatik ez dugu herrigintza demokratikorik aitortuko emakume bezala sozializatu diren eta gurekin batera periferian dauden gorputz eta bizitza desprestigiatuen askapenik ekarriko ez duena. Askapenak esanahi anitz ditu, badakigu, oraingoz nahikoa da gorputz guztiek gaizkia egiteko aukera berdintsuak izatearekin. Horretarako demokraziaren esanahi patriarkalak birplanteatu beharko ditugu. Adibidez, gatazkaren konponbidearen diskurtsoak pare bat kilo androzentrismo izerditu beharko ditu. Zer esanik ez bakea eta elkarbizitzaren makro-errelato-mundu-ikuskerak”.