Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela euskal prentsa, Elkar Fundazioaren enkarguz 2018an Siadecok egindako inkestaren arabera. Ez dago txarto, kontuan hartuta EAEko euskaldunen artean %22 dela –Nafarroan %6,7 eta Iparraldean %7– ohikoan euskara erdara baino gehiago darabilena.
Euskaltzaindiko liburuan irakurri dut euskal hedabideen etorkizuneko begiradan “matrize aldaketa” behar dela. Azken 40 urteetan aurrekontuak eta ikuspegia ETBren bueltan egon direla nagusiki, “nazio ikuspegian”, eta aurrerantzean matrize hori “tokiko hedabideetara” –nazio ikuspegia utzi barik– aldatu beharko litzatekeela, esparru horretan euskarazko hedabideek “komunikazioaren lidergoa hartzeko”. Debagoienan hori posible izan dela eta beste leku batzuetan ere izan daitekeela. Hori da mezuaren muina. Eta akaso bai, batek daki, beste esparru batzuetan moduan, logika handia du tokikoa eta gertukoa indartzeak.
Baina indartze horretan beste osagai garrantzitsu bat ere aipatzen da: eskualdeko komunikabide horiek eduki beharko lituzkete “lerro editorial partekatuak, zeharkatzaileak”, Debagoienan moduan. Zeharkatzailea, nondik noraino? Eskuin espainolistatik eskuin abertzaleraino? Edo siglekin aipatuta, PPtik EH Bilduraino? Edo nagusiki abertzaleen artekoa, eta beraz, EH Bildutik EAJtaraino?
Egiazki, lan-ibilbide osoa ARGIAn eginda, ez dut uste kazetaritza eta “lerro editorial zeharkatzailea” oso bateragarriak direnik, baina aitortzen dut hainbat kazetaritza molde daudela, eta euskarak horietako guztiak behar dituela. Hori bai, esaten denagatik edo esaten ez denagatik, ez dago lerro editorialik gabeko kazetaritzarik. Susmoa dut guztiona edo zeharkatzaile den horrek, azkenean, eta boterea medio, “batzuena” besteena baino gehiago izatea dakarrela, bereziki dirua jartzen duenarena, izan publikoa edo pribatua.
Mariano Ferrerrek kazetaritzari buruzko hausnarketa eta kontzeptu eder ugari zituen: “Kontsentsua ideia propioen inguruan egituratzeko borroka da komunikazioa”, “ez da nahikoa notiziaren berri ematea, gertaeraren eta datuaren arrazoiak eta zioak azaldu behar dira”, “kazetariak estutu behar du agintaria, politikaria”, edo, besteak beste, “sinesgarritasuna independentziatik lortzen da”.
40 urtez EITBk bere buruari eta Lakuari begiratu die nagusiki. Mirentxu Purroyren laburpena zorrotza bezain deskribagarria da: “Arantxa Tapia telebista”. Indartsuena izanik, izan zezakeen euskal hedabideen lidergoa eta haien arteko elkarlanean bestelako funtziorik, baina ez da horrela izan. Nago, benetako matrize aldaketak tokikotasunean baino, jarreretan eta herri ikuspegian daudela, eta euskarazko hedabideen indartzea hortik etorriko dela gehiago: EITBren bestelako konfiguraziotik –Ramón Zallok dioen legez, egin barik dagoen Euskal Komunikazio Legearen menpe egonda?–; Hekimen eta instituzioen arteko elkarlana sendotuta; eta hedabideon arteko elkarlanetik, 40 urtez eskasa, eta oraindik ere urri samarra. Bakoitzak bere izaeratik emanda, gure artean elkarlanerako aukera lehiarakoa baino askoz handiagoa da.