argia.eus
INPRIMATU
Euskal hedabideen eta EAEko erakunde publikoen arteko hitzarmena berritu dute
  • Euskal hedabideentzako 2022 eta 2024 urtetarako dirulaguntza deialdietarako hitzarmena aurkeztu dute ostiral goizean Bilbon. Hekimen euskal hedabideen elkarteak “aurrerapausoak” ikusi ditu, baina erakunde publikoen “engaiamendu erabatekoa” eskatu du berrikuntza sustatzeko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko martxoaren 11
Erakunde publikoetako eta herri ekimeneko euskal hedabideetako ordezkariak Bilbon (argazkia: Hekimen)

Euskal hedabideen, Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundien artean dirulaguntza deialdiak adosteko hitzarmena aurkeztu dute Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan egindako ekitaldian. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundietako eta herri ekimeneko euskal hedabideetako ordezkariak.

Erakunde publikoen eta euskal hedabideen arteko argazki horrekin irudikatu nahi izan dute euskararen berreskurapen eta normalizaziorako euskarazko komunikabideek duten garrantzia estrategikoa, eta 2022, 2023 eta 2024 urtetarako dirulaguntza deialdien hitzarmena aurkeztu dute. 11,5 milioi euro jarriko dira urtero hedabideak finantzatzeko, aurreko hitzarmenean baino %4,4 gehiago.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren aburuz hedabideok “euskararen kalitatezko erabileraren ikuspegitik ekarpen azpimarragarria egiten dute. Gure hizkuntzak euskarazko hedabideak behar ditu”. Hartzaileek “gertukoaren eta urrunekoaren berri jasotzeko modua behar dute eta informazio hori euskaraz jasotzeko eskubidea dute”, gaineratu du sailburuak.

Badira hainbat urte euskal hedabideen sektoreko ordezkariek elkarrizketak abiatu zituztela Jaurlaritzarekin eta hiru aldundiekin, sektorearen beraren egonkortasuna bermatu asmoz, eta horren ondorioz 2019an hiru urtetarako dirulaguntza eredu berria abiatu zuten. Horrez gain, Euskal Hedabideen Mahaia ere jarri zuten martxan hainbat gaiez hitz egiteko, tartean 2022-2024 aldirako dirulaguntza deialdiak.

Hekimen: “Badago zer hobetua”

Herri ekimeneko hedabideak biltzen dituen Hekimen elkarteak “aurrerapausoak” ikusi ditu dirulaguntza deialdi berrian, baina azaldu du oraindik ez dela “sektorearen benetako beharrak asetzera iritsi”. Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak ekitaldian azaldu duenez, Euskal Hedabideen Mahaian “lan handia egin da deialdi berriak erakunde publikoekin adosten saiatzeko”, baina oraindik hutsuneak daude eta “badago zer hobetua”.

"Hedabide sare indartsu eta dinamikoa pluraltasunaren eta informazio eskubidearen bermea ere bada" (Hekimen)

Astibiak euskal hedabideen sektoreak berrikuntzaren alorrean dituen beharrak azpimarratu ditu: “Hartzaileengana iritsi nahi badu trantsizio digitala egin beharra dauka, berrikuntzan sakondu beharra dauka, eta bide hori, bai ala bai, erakunde publikoek lagundu behar dute, ezinbestekoa den zerbitzu bat daukagulako jokoan". Zentzu horretan, administrazioari "engaiamendu erabatekoa" eskatu dio euskal hedabideen elkarteak.

Hekimenen ustez erakunde publikoen bultzada beharko du sektoreak “ahalik eta eskaintza onena egin eta hartzaile berriengana iristeko”. Izan ere, eskaintza “zabal eta sendo” horri esker euskaraz bizi nahi duen milaka lagunengana iristeko aukera dago. “Gainera, hedabide sare indartsu eta dinamikoa pluraltasunaren eta informazio eskubidearen bermea ere bada –dio Hekimenek–, eskaintza aniztasuna baita iritzi aniztasunaren oinarrietako bat. Eta ez dezagun ahaztu, iritzi aniztasuna da demokraziarako bermea”.