argia.eus
INPRIMATU
Euskal hedabideen egoera prekarioa gainditzeko Legebiltzarrean adostasun bila
  • "Egungo prekarietatea gainditzeko" hitz egin nahi dute euskal hedabideek Jaurlaritzarekin. Alberto Barandiaran Hekimen euskal hedabideen elkarteko ordezkariak Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldiak erakundeekin eta alderdiekin “lankidetza eskaintza” egiteko balio izan du.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko azaroaren 24a
Iban Arantzabal, Alberto Barandiaran eta Iban Arregi joan dira Legebiltzarrera Hekimenen izenean (argazkia: Berria).

Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean hitz egin du Barandiaranek. Garbiñe Mendizabalek (EAJ), Xabier Isasik (EH Bildu) eta Vicente Reyesek (PSE-EE) egindako galderei erantzun die astelehen eguerdian.

Jaurlaritzak euskarazko komunikabideentzat eman duen azken diru laguntzan izandako irizpide aldaketa polemikoa dela-eta egin du sektoreak agerraldia: audientzia datuei puntuazio altuagoa emanez eta tokiko hedabideak Euskal Herri osokoen talde berean sartuz, medio bakoitzak jaso duen kopurua aldatu da; eta horrek ezinegona sortu du sektorean.

Legebiltzarraren adostasuna helburu

Bestelako laguntza politika lortzea "beharbada Hizkuntza Politikako Sailburuordetza gainditzen duen lana da”, Barandiaranek adierazi duenez. Horregatik, euskarazko hedabideek behar duten babesa adosteko Legebiltzarraren kontsentsua mesedegarria litzatekeela gaineratu du.

Hori bai, Hekimenek argi dauka diru laguntzak emateko modua aldatu behar dela: “Guretzat problema da urtero negoziatzen aritzea, hedabideak estu dabiltza, deialdia azaroan ateratzen da...”.

Audientziei garrantzia handiagoa emateko irizpideak aldatu izanaz bere irakurketa zein den ere gogorarazi du sektoreko ordezkariak: “Ezin dira berdin baloratu tokiko hedabideen eta nazionalen irismen datuak. Findu egin behar da irizpide hori. Eta findu behar dela HPSk ere aitortu du. Beraz, ez dugu ulertzen zergatik hainbesteko aldaketa kolpean”.

Aurrekontuetan garrantzia galtzen ari den poltsa

"Kontua ez da diru banaketa gure artean nola egin. Gaur egun dagoen sarea ezinbestekoa bada, sare hori babestu behar da", adierazi du Barandiaranek.

Gutxitu ez badira ere, urtez urte jaisten ari da aurrekontu orokorrarekin proportzioan euskal hedabideek jasotzen duten laguntzen pisua Barandiaranek azaldu duenez.

Gaiaz hitz egiteko prest agertu dira legebiltzarkideak. EAJko Garbiñe Mendizabalek adierazi du, Hekimenen azken batzar orokorrean martxan jarri ziren lan taldeek erakusten dutela sektorea lanean ari dela. “Gu ere lagun gaituzue, animo gure aldetik”.

Xabier Isasik, bestalde, nabarmendu du administrazio publikoak euskara sustatzeko jartzen duen euro bakoitza “oso errentagarria” dela. “Euskararen sustapenean dirua gastatu baino, inbertitu egiten da”.