argia.eus
INPRIMATU
Euskal hedabideen diru laguntzak publizitate irizpideekin banatu direla diote adituek
  • Hedabide euskaldunetan egiten den inbertsio publikoa audientzien arabera banatzeak “zalantza metodologiko ugari” sortzen ditu, Euskal Herriko bost unibertsitate irakaslek egindako azterketen arabera.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko martxoaren 13a
Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendaria Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara batzordean (argazkia: Jon Urbe / Argazki Press).

Josu Amezaga (EHU), Eneko Bidegain (Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatea), Estitxu Garai (EHU), Xabier Landabidea (Deustuko Unibertsitatea) eta Yosu Yurramendi (EHU) irakasleek txosten bana egin dute Hekimen elkarteak eskaturik.

Ostegunean aurkeztu zuen Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaranek Gipuzkoako Batzar Nagusietako euskara batzordean.

Lan horietan, Eusko Jaurlaritzak euskarazko komunikabideen diru laguntzak banatzeko erabili dituen irizpideak aztertu dituzte eta hainbat hobekuntza proposatu.

Publizitate munduko kontzeptuak laguntzak banatzeko

Irismena “publizitatetik datorren kontzeptua da” adituen ustez, eta “hedabideen jarduna neurtzeko erabiltzekotan, hainbat egokitzapen eskatzen ditu”.

Hortaz, irismenaren kontzeptua “definitzea eta moldatzea” gomendatu diote unibertsitateko adituek Jaurlaritzari, deialdia “gutxieneko berme batzuekin egingo dela ziurtatu ahal izateko”.

Irismena egoki baloratzeko aholkuak

Adituen ustez, audientziak irizpide gisa erabiltzekotan, kontuan hartu beharko lirateke komunikabide bakoitzaren izaera eta hedadura –ez baitaukate publiko potentzial berdina medio nazionalek eta tokikoek–; baita zenbatero banatzen den produktu bakoitza ere.

“Halaber, irismena neurtzeko aldagai homogeneoak behar dira” gaineratu dute adituek: “Irismena puntuatzeko modu bera, eta irismena neurtzeko modu bera ere bai”.

Zer beste gai hartu behar litzateke kontuan?

Hekimenek osteguneko agerraldian defenditu du “gogoeta zabalagoa” behar dela komunikabide euskaldunetan egiten den inbertsio publikoaz.

Jaurlaritzak komunikabideen kostuen portzentaje bat finantzatu beharko luketela uste du Hekimenek, egiturazko premia larrienak konpon daitezen.

“Ondoren”, gaineratu du Barandiaranek, “eragin soziala eta dinamismoak neurtzeko beste aldagai batzuk zehaztu eta ponderatu beharko lirateke”, irismena bera, baina baita berrikuntza, kalitatea edo errentagarritasun soziala ere. “Horrek beste ahalegin bat eskatzen du, ahalegin ekonomikoa ere bai”.