Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak proposamen zehatza egin die Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoei: datorren urteko aurrekontuetan milioi bat gehiago bideratu dezatela euskarazko hedabideentzat.
2015eko aurrekontu autonomikoen eztabaida puri-purian dagoenean etorri da Hekimenen proposamena.
Momentuz euskal medioentzat aurreikusten den laguntza 4.875.000 eurokoa da, azken hiru urteetako berdina alegia.
Azken 10 urteetako bigarren aurrekontu baxuena
“Euskararentzako aurrekontuek, eta, ondorioz, hedabideen finantzazio publikoak, beheranzko joera hartu dute azken urteotan, 2008tik hona, eta bereziki 2010etik 2012ra”, Hekimenek nabarmendu duenez.
2012tik 2014ra bitartean Jaurlaritzak aurrekontua mantentzeko joera izan duen arren, aurreko urteetako galerak ez dira inoiz berreskuratu.
Horren ondorioz, hedabideetan euskara sustatzeko sailak aurrekontu orokorrekiko daukan pisua azken hamar urteotako bigarren baxuena izango da 2015ekoa, 2012koaren ondotik.
Euskara komunikabideetan biziberritzeko eskaria
Datorren urterako Hekimenek "ahalegin berezia" eskatu die alderdi politikoei aurrekontuetan, "egoerari buelta eman diezaioten”: murrizketen aurreko egoerara itzultzea, alegia.
2008an, euskal hedabideen diru-poltsa gutxitzen hasi zenean, sektoreari bideratutako diru-laguntzak milioi bat gehiagokoak ziren guztira. Zenbaki horietara itzultzeko eskatu zaie alderdiei.
“Sektorea prest dago finantzazioari buruz gogoeta sendo eta partekatua egiteko, etorkizunera begira. Baina euskal hedabideek ezin dute murrizketa gehiago jasan. Aurten bertan, urratsak egin behar ditugu norabide horretan”, Hekimenen ustez.