argia.eus
INPRIMATU
Euskal Hedabideen Behategiak unibertsitateen babes instituzionala jaso du
  • Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak eta unibertsitateek elkarlan hitzarmena sinatu dute Bilbon, behategia sustatzea helburu.

ARGIA @argia 2016ko urtarrilaren 14a

2012an Hekimenek eta hainbat ikerketa taldek Euskal Hedabideen Behategia sortzeko hasitako bideak beste urrats bat egin du, elkarteak eta EHU, Mondragon eta Deustuko unibertsitateek ostegun goizean sinaturiko hitzarmenarekin.  

Lankidetza horrek helburu ditu, besteak beste, euskal hedabideen datu basea egitea, prospektiba lanak, irakasle eta profesionalen komunitatea sortzea eta oro har euskal hedabideen sektorea “indartsuago eta eraginkorragoa” egitea.

Bilboko EHUko Bizkaia Aretoan egindako ekitaldian izan dira Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaran, Fernando Plazaola EHUko Ikerketa arloko errektoreordea, Deustuko Unibertsitateko errektore Jose María Guibert eta Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa.

Erakunde sinatzaileek prentsaurrean azaldu dutenez, hitzarmenak hedabideen sektorearentzat ez ezik unibertsitateko ikerlarientzat ere garrantzia handia dauka, behategiak elkarlanerako gune berria irekitzen duelako euskal hedabideen eta komunikazioko adituen artean.

2012tik ikertaldeak lanean

Hekimen elkartea 2012an sortu zen eta hasieratik jarri zuen helburutzat unibertsitateekin ikerketarako gune bat sustatzea hedabideen errealitatea hobeto ezagutu ahal izateko.

Urteotan unibertsitate horietako hainbat ikerketa talderekin aritu dira harremanetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalbiltzaren babesarekin.  Lan horren ondorioz, besteak beste euskal hedabideen datu basea diseinatu eta garatu da.

Datu base horrek Hekimen osatzen duten komunikabideen finantzazio, egitura eta audientzia datuak bilduko ditu eta tresna garrantzitsua izango da sektorearen eboluzioa neurtzeko. Era berean, interneteko kontsumoari buruzko informazioa sistematikoki biltzeko Hekimen Analitycs programa garatu da.

Sinaturiko hitzarmenari esker, lan horri jarraipena emateko lankidetza markoa ezarri da Hekimenen eta erakunde akademikoen artean.