Gasteizen Euskal Herriko txoko guztietatik joandako Ernaiko kideak bildu dira larunbatean, gazteek jasaten duten prekarietatea salatzeko. Hainbat mahai inguru, ekintza, martxa eta tailer egin dituzte Bizitzak biziarazi ekimena bukatzeko, eta honekin, Euskal Herrian Bizi dinamika ixteko.
Ostegunean eta ostiralean egin diren tokian tokiko ekimenen ostean, Gasteizen borobildu dute Bizitzak biziarazi ekimena larunbatean. Eguerdiko hamabietan asanblada egin dute egunaren nondik norakoak azaltzeko eta baita eskualde eta herrietan egin dituzten ekintzak azaltzeko ere.
Honen ostean, berehala hasi dira hainbat borroka ezagutarazteko asanbladak, eta hainbat eragileren esperientziak partekatu dira bertan. Hauekin batera tailerrak ere egon dira Artium plazan, besteak beste.
Egunak aurrera egin ahala, gazteek hainbat ekintza egin dituzte prekarietatea sustatzen duten negozioen kontra. Telepizza, higiezinen agentziak, Foxter’s Hollywood, joko aretoak eta Stradivarius izan dira markatutako batzuk. Horretarako, plazatik hainbat martxa abiatu dira; neska gazteen martxa, mugimendu prekarioarena eta joko aretoen kontrakoa, hain zuzen ere.
Bukatzeko, ekitaldia egin dute Ernaiko kideek. Musikak hartu du plaza eta dantzak ireki du bidea. Ukabila margotzen aritu diren bitartean, Euskal Herrian Bizi dinamikak emandakoaz aritu dira, eta hasieratik gaurkora arte egin duten bidea goraipatu dute: “Hainbat eta hainbat eragile zein kolektibo ezagutu eta elkarlanean aritu gara, bide eta borroka oparo baterako lehen urratsak eman ditugu. Horren adibide garbia da gaur Gasteizera hurbildu garen hamaika txokotako proiektu eta borroketako kideak. Elkarlan honi esker indartsuagoak gara”.
“Eremu ezberdinetan lanean gauden gazteon indarrak batuz soilik lortuko dugulako prekarietatea lehen mailako arazotzat hartu, eta horren aurkako borrokak aktibatzea”.
Irakurketa positiboa egin dute gazteek eta aurrera begira, saretzea ezinbesteko erreminta izango dela azpimarratu dute: “Badakigu indarren saretze eta aliantzek indartuko gaituztela bide honetan aurrera egiteko. Gaurkoa ez baita ikasturte baten amaiera soila, edota dinamika baten goia. Gaurkoa beste urrats bat da, prekarietatearen aurkako borrokan beste urrats bat, bizitzak erdigunean jarriko dituen herri baten eraikuntzan beste pauso bat”.
Euskal Herrian Bizi
Duela urtebete Euskal Herrian Bizi dinamika martxan jarri zuten, “Oraina Borrokatzeko Koordenadak” deituriko dossierrarekin: “ Ondorioztatu genuen prekarietateak gazteon bizitzak definitzen dituela, baita Euskal Herrian ere. Gure bizitzak ezaugarritzen dituela diogu, gure bizitzetako esparru guztiak zeharkatzen dituen elementu zentrala delako”.
Bestetik, azaldu dutenez, prekarietatea ez da arazo koiunturala, “sistema kapitalista basati hau mantentzeko tresna garrantzitsua” dela, beraz. Eta horrez gain, prekarietatearen kontrako borrokak kolektiboa izan behar duela argitu dute: “Hainbat eremutan lanean ari garen gazteon indarrak batuz soilik lortuko dugulako prekarietatea lehen mailako arazotzat hartu, eta horren aurkako borrokak aktibatzea”.