Egun alokairuak hipotekak baino 60 euro garestiagoak dira, eta gazte askok euren diru sarreren %40 baino gehiago bideratzen dute errenta ordaintzeko, Jaurlaritzaren azken txostenaren arabera. Honen aurrean, etxebizitza-premia duten gazteen gehiengoek Gobernuak babesturiko bizileku gehiago eraikitzearen beharra azpimarratzen dute.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 30-34 urte bitarteko hamar gazteren artean zazpi emantzipaturik daude, eta gurasoen etxetik emantzipatzeko batez besteko adina 29,8 urtekoa da. 18 eta 34 urte bitarteko hiru gaztetatik soilik bakarra dago independizatuta, guztien %30 gutxi gora behera. Datu horiek Eusko Jaurlaritzak jaso ditu “Gazteak, emantzipazioa eta etxebizitza-premia Euskadin” ikerlanean 2023an egindako inkestekin.
Emantzipatutako 18 eta 34 urte bitarteko gazteen %44,5 alokairuko etxebizitza batean bizi diren arren, jabetzako bizitokia hobesten dute gazteek. Hala ere, ez dute diru-sarrera nahikorik edo egonkorrik etxebizitza bat erosi ahal izateko errentapean bizi direnen hamarretik bederatzik adierazi dutenez. Gazte hauek maiz diru-sarreren %40a baino gehiago bideratzen dute errenta ordaintzeko, egun hileko hipoteka-ordainketak baino 60 euro garestiagoak baitira alokairuak. Orain lehen baino murritzagoa da errenta-gastuen eta hipoteka gastuen arteko aldea Jaurlaritzako Gazteriako zuzendaria den Miren Salatxagak berretsi duenez.
Txostenean gailentzen da emantzipatutako gazteen %12,1 bakarrik bizi dela babestutako etxebizitza batean. Emantzipazio prozesua hasiko duten erdiak (%53,5ak) bakarrik ezagutzen du Etxebideren Etxebizitza Zerbitzu Publikoa, eta horien %36 soilik dago instituzioaren etxebizitza-eskatzaile gisa izena emanda.
Azterlanean azaltzen da EAEko gazteek tradizionalki emantzipatzeko joera dutela; bikotekidearekin partekaturiko jabetzako etxebizitza baten alde egiten dute. Txostenak ere erakutsi du ageriko diferentzia dagoela “sexu eta jatorriaren arabera”. Gizonen aurrean emakumeek emantzipatzeko jaidura handiago dute, %34,4, %26ren aldean. Gisa berean, gazte atzerritarren emantzipazio-tasa %8,4 puntu altuagoa dela aditzera eman du ikerlanak.
Etxebizitza berriaren lokalizazioari dagokionean, gazteen %60k euren udalerritan emantzipatu nahiko luketela agerian jarri du; lantokiarekiko hurbiltasuna baino sozializazio-zirkuluarekiko gertutasuna nahiago dute gazteek.