argia.eus
INPRIMATU
Euskal gatazkaz bere kontakizuna eman du Mikel Antzak ‘Arroz Urez’ saiakera liburuan
  • ETAren sorrera eta amaiera hartzen dituen garaiaren bere kontakizuna edo testigantza aurkeztu du Mikel Antzak Txalaparta argitaletxearekin kaleratutako Arroz Urez liburuan, kronika ere izan daitekeen saiakera literarioan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko martxoaren 03a
ETAren hasiera eta amaiera arteko garaian kokatzen da Mikel Antzaren literatur lan berria (arg.: Patxi Larrion)

2019an espetxetik libre geratu eta Euskal Herrira itzuli ondorengo lehen liburua kaleratu du Mikel Antzak, bere literaturgintzan beste epe bati hasiera emanez, idazle donostiarraren esanetan. Arroz Urez saiakeran, literaturaren bidez Euskadi Ta Askatasunaren "sorrera eta amaiera bana" idatzi du, garai horri buruzko bere errelatoa.

Txabi Etxebarrietarekin hasi eta "tia Luzirekin" amaitzen du historia hori; tartean hamaika gertaera eta pertsonen erreferentziak aurkituko ditu irakurleak, ezagun zein ezezagunak, eta hari nagusietako bat 1970eko Burgosko Auzia izango da. Hain justu, mende erdi bete da frankismoaren habeak astindu zituen prozesua egin zenetik eta Antzak hainbat auzipetu elkarrizketatu ditu; haien testigantza liburuan ere sumatzen da zeharka.

Zeharka eta lerro artean, beraz, orain arte euskal gatazkari buruz eta Euskal Herriko historia hurbilari buruz kontatu ez direnak eta ikusezinak izan direnak ere badakartza liburu honek. Asteartean Iruñean egindako aurkezpenean, egileak argi utzi du ez dela bere gogoa gertaturikoaren kontakizunaren "batailan" sartzea, bere esanetan "gure baitatik idatzi behar dugu" errelato hori.

Antzak 1979an hasi zuen bere ibilbide literarioa Susa aldizkarian, eta ARGIAn lan egin zuen. Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabearen 1985eko Martuteneko kartzela-ihesaren ondoren Euskal Herria utzi behar izan zuen eta 2004an atxilotu zuten Okzitaniako Saliese herrian. Narrazio, antzerki eta poesia liburuak idatzi ditu, hamar urtetan zehar ziegan idatzitako eta 2015ean argitaraturiko Ametsak ere zain (Susa) poema bilduma kasu.

Hemen Ahotsa.infok aurkezpenaz egindako bideoa: