argia.eus
INPRIMATU
Euskal Game Jam: 48 ordu bideojokoak euskaraz sortzeko
  • Euskal Game Jam ekimenaren helburua da bi egunez bideojoko sortzaile euskaldun hasiberriak zein profesionalak biltzea, "euren abileziak agerian jarri eta harremanak sortzeko", Zomorro Studio, Game Erauntsia eta EHU eragile antolatzaileek azaldu dutenez. Azaroaren 17tik 19ra bitartean, 48 orduko epean, bideojokoak euskaraz sortu beharko dituzte parte-hartzaileek, aurrez aurre –EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan– edo online.

Jon Torner Zabala @jtorner 2023ko azaroaren 03a
Bartzelonan egindako Game Jam bat / Argazkia: gamejambcn.com

Ekimenaren lehen edizioa azaroaren 17an 18:00etan hasiko da. Orduan ekingo diote partaideek, taldeka zein bakarka, sormen prozesuari. 48 ordu geroago, hilaren 19an, amaitutako proiektuak itch.io plataforman argitaratu beharko dituzte.

Izen ematea abian da jada (www.gamerauntsia.eus); 18 urtetik gorako pertsona orok har dezake parte, doan. Bideojokoa bakarka nahiz taldeka garatzeko aukera dago. Gehienez bost kideko taldeak onartuko dira, eta taldekideak bilatu nahi dituenak aukera izango du hori egiteko, izen ematearen fitxan edo Game Erauntsiaren Discord zerbitzariko Euskal Game Jam txatean. Izen-emate orrialdean aurkituko dituzue baldintza guztiak, baita ekimenari buruzko informazio gehiago ere.

Solaserako tartea

Game Jam egitasmoa hasi aurretik, antolatzaileek hitzaldia eskainiko dute. Batetik, Zomorro Studio bideojoko garatzaile taldeko Ibai Aizpuruak lehen edizioa aurkeztu eta gainerako Game Jam-etan izandako ibilbideaz hausnartuko du. Halaber, gisako erronka batean lehenbizikoz parte hartuko duten sortzaileei gomendioak eskainiko dizkie. Bestetik, Edurne Larraza /EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia saileko irakaslea bideokontsolez arituko da, konputagailu baten sarrera/irteera azpisistemaren kontrola ardatz.