argia.eus
INPRIMATU
Euskal europarlamentari gehienak guda Europara zabaltzearen alde
Joan Mari Beloki 2024ko urriaren 07a

Irailaren 19an Europako Parlamentuaren gehiengoak honen alde eman zuen botoa: "Berehala kendu ditzatela Ukrainari emandako arma-sistemaren erabilerari jarritako murrizketa guztiak Errusiako lurraldean". Hitz arruntetan esanda: "Bota itzazue luzera handiko misilak Errusia osora". Parlamentu hau ez da nor Ukrainari, AEBei, Britainia Handiari edota Frantziari agindu hori emateko. Baina AEBetako hauteskundeak direla medio Biden agindua ematera ausartzen ez denez, morroi europarrak bidali ditu hark esan beharko lukeena esatera. Lehenago edo beranduago Ukrainatik irismen luzeko misilak Errusiara botako dituztela pentsa liteke. Eta orduan, zer?

Vladimir Putin Errusiako presidenteak garbi azaldu zuen une horretatik aurrera guda fase berri batean sartuko dela. Lehen misil horietakoa Errusiara iritsiko den bezain azkar, misilen jabeak, fabrikatzaileak eta botatzen parte hartu duten guztiak etsai bihurtuko dira automatikoki Errusiarentzat. Beraz, AEB, Britainia Handia eta Frantzia, gutxienez, etsai bihurtuko dira eta neurri bereko kolpeak jasotzeko diana bihurtuko dira. Europako Batasuneko gainerako estatuek aurrerantzean izanen duten inplikazioaren arabera bihurtuko dira ere diana errusiarrentzat.

Europako elite ekonomikoei men eginda, europarlamentari gehienek orain arte Ukrainako lurretara mugatu den guda Europara zabaltzeko botoa eman dute

"Mendebaldeak" guda Europara zabaldu nahi duela zalantzarik ez da. Urte osoa daramate Errusia zirikatzen erantzun gogor bat eman dezan, jarraian bere aurka guda osoa abiarazteko. "Mendebaldeko" elite ekonomikoek ez dute Ukrainako guda galdu nahi eta galtzen ari direla ikusten ari dira. Zerbait handia egin nahi dute gudaren egungo bilakaera aldatzeko. Edozertarako prest dira eta aurka ari diren bi bandoek bonba nuklearrak dituzte.

Ukrainarrek Errusia inbaditu dute, Zaporizhia eta Kursk-eko zentral nuklearretara bonbak jaurtiki dituzte, Errusiako radar antinuklearren aurka hiru aldiz bonbak bidali dituzte..., ekintza horietako bakoitza erantzun nuklearra jasotzeko nahiko arrazoi dela jakinik.

Europako elite ekonomikoei men eginda, europarlamentari gehienek orain arte Ukrainako lurretara mugatu den guda Europara zabaltzeko botoa eman dute. Guztiz larria den erabaki horren alde 425ek eman zuten aldeko botoa, 131k aurka eta 63k abstentziora jo zuten. Zer egin zuten Euskal Herritik joanda bozketan parte hartu zuten europarlamentariek?:

Agirregoitia, Oihane (EAJ) BAI
Barrena, Pernando (EH Bildu) EZ
López, Antonio (PP) BAI
Mendia, Idoia (PSE-PSOE) BAI
Sancho, Elena (PSN-PSOE) BAI
Zarzalejos, Javier (PP) BAI

Boto horien arabera, Euskal Herrian guda maite dugula eta gure etxe atariraino ekarri nahi dugula dirudi. Gure politiko gehienek ez dituzte gure interesak defendatzen. Eta euskal herritarrontzat gizartearen egungo pasibotasun eta isiltasunak ez dira lagun egokiak inondik inora.

Joan Mari Beloki Kortexarena