argia.eus
INPRIMATU
Euskal artista ugari izango dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsi egingo dieten omenaldian
  • Ostegunean prentsaurrekoa egin dute antolatzaileek Maiatzaren 3an Bizkaia Arena-BEC!en egingo den ekitaldiaren xehetasun gehiago aurkezteko. Ikuskizuna euskal herrian ezagunak diren hogei pertsona baino gehiagok parte hartuko dute eta 14.000 ikuslerentzat izango da. 

Unai Lomana Uribezubia 2025eko otsailaren 20a
Maite Zaitut Kultur Elkarteak egindako prentsaurrekoa. Maite zaitut kultur elkartea

Ikuskizuna "Maite zaitut!" esateko festa "erraldoia" izango da: musika, dantza, zirkoa, ikus-entzunezkoak eta beste hainbat arte diziplina uztartuko dituzte, pailazoek urteetan eskaini duten soinu-banda abiapuntu hartuta. 

Maite Zaitut Kultur Elkartea izeneko erakundearen laguntzaz egingo da ekitaldia. Maite Zaitut Kultur Elkartea, espresuki ekitaldi hau aurrera ateratzeko elkartu den herritar talde bat da. Ikuskizunaren zuzendaritza artistikoaz Agurtzane Intxaurraga ari da arduratzen; gidoiarekin berriz, Ane Labaka bertsolaria ari da.

Oholtza gainean arituko diren pertsona ezagun guztien laguntzaz "abesti mitikoak" interpretatu eta dantzatuko dituztela adierazi dute. Horiek "belaunaldien arteko hari" izango baitira Pirritx, Porrotx eta Marimototsi eskainitako omenaldian. 

Pailazoek azken 37 urteetan "sortutako emozioak gogoratzeko" eta "zenbat bihotzetan sartu diren ikus dezaten", "ia guztiok dugun txikitako argazkia" nikeremaitezaitut.eus-era bidaltzea eskatu dute antolatzaileek.  

Nerea Godoy Maite Zaitut elkarteko kideak jakinarazi du "haurrekin bertaratzeko ere gune atsegin eta aproposa izango" dela eta "gauza dibertigarriak gertatuko" direla. Artisten izenak ere eman ditu Itziar Ituño, Lur Errekondo, Sua Enparantza, Gure Zirkuko kideak, Eñaut Elorrieta, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Olatz Salvador, Kai Nakai, Aitor Gorosabel, Maialen Lujanbio, Go!azeneko lagunak, Tapia eta Leturia, Landarbaso abesbatza, Oinkari dantza taldea, Bonberenea Txaranga, Beñat Gaztelumendi, Yogurina Borova, La Pulga, Jon Maia, Gozategi, Igor Elortza, Nerea Urbizu, Beatriz Egizabal, Ines Osinaga, Amets Aranguren, Intza Alkain, Anabel Arraiza eta Bizipoza Elkartea nahiz inguruko erraldoiak.

Harmailetako sarreren erdiak saldu direla adierazi dute eta omenaldiaren parte izan nahi duenak nikeremaitezaitut.eus atarian sarrerak 15 eurotan erosteko aukera duela gogorazi dute. 

Pirritx, Porrotx eta Marimotots. DONOSTIA KULTURA (CC BY-SA 2.0)