Erain Debagoiena elkarteak debagoiendarrak zoriondu nahi izan ditu, euskal estatuari buruzko galdeketa egiteko beharrezkoak ziren 6.500 sinadurak gainditu direlako, eta guztira, 9.139 sinadura jaso direlako. Herri bakoitzean finkatu dituzte botoa emateko tokiak, eta gaineratu dute aurrez botoa emateko aukera ere izango dela.
Euskal estatuari buruzko herri galdeketa egin ahal izateko, Debagoieneko eta Aramaioko herritarren %10en sinadurak jaso nahi zituen Erain Debagoiena elkarteak, eta jakinarazi dute, beharrezkoak zituzten 6.500 sinadurak gainditu dituztela eta guztira 9.139 jaso dituztela. Horregatik, debagoiendarrak zoriondu nahi izan dituzte: "Debagoiendarrok, zorionak! 9.139 sinadura, 9.139 borondate, 9.139 zilegitasun lortu ditugu, azken bi hiletan Debagoienean eta Aramaion egindako sinadura-bilketan. Babes handia da hori ekimenarentzat, eta, zuen bultzadari esker, indarrez eta konfiantzaz helduko diogu ekainaren 5eko herri-galdeketari", esan du Erain Debagoiena elkarteko Lierni Olmedok.
Herri galdeketa horretan, herritarrek galdera hau erantzun beharko dute: izan nahi al duzu euskal estatu independente bateko herritar?
Bozkatzeko informazioa
Herri bakoitzak dagoeneko finkatu ditu botoa eman beharreko tokiak eta boto paperekin batera etxez etxe banatuko duten informazioan zehaztuko da guztia. Dena den, aurreratu dute ekainaren 5ean goizeko 09:00etatik arratsaldeko 20:00ak bitartean bozkatu ahal izango dela.
Eta aurrez bozkatzeko aukera ere izango dela gaineratu dute: "Ekainaren 5ean bozkatzerik ez dutenek aurrez egiteko aukera izango dute, oro har, maiatzaren 21etik ekainaren 4ra bitarte (biak barne), beren herriko Gure Esku Dago eta Erain lokaletan, astelehenetik ostiralera arratsaldeko 18:30etatik 20:30etara eta, asteburuetan, goizez ere bai. Herri batzuetan, auzoetara ere joango dira boto aurreratuaren bila". Edonola ere, etxez etxe banatuko duten informazio-orrietan emango dituzte xehetasun guztiak.
Hainbat ekitaldi
Ekitaldi ugari antolatu dituzte hemendik eta ekainaren 5era bitartean. Esaterako, gaur bertan Eskoriatzako Zaldibar antzokian hitzaldia izango da Anjel Oiarbideren eta Xabier Ezeizabarrenaren eskutik. Bertso saioak ere egingo dituzte, eta aurreratu dute baita ere kantu bat aurkeztuko dutela.
Gero, ekainaren 5a festa egun bat izatea nahi dute Erain Debagoienakoek. Horretarako, herri bakoitzean jai berezi egingo dute, baina oraindik antolatzen ari direnez, xehetasunak aurrerago emango dituztela azaldu dute.
Albiste hau Goienak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra