argia.eus
INPRIMATU
Euskal eskola publikoaren aldeko mobilizazioa deitu dute azaroaren 6an Bilbon
  • Euskal Eskola Publikoaren alde mobilizatzeko beharrari erantzunez deitu dute manifestazioa. Eskola publikoa aldarrikatu ez ezik, hezkuntzaren pribatizazioarekin eta eskola-segregazioarekin bukatu beharra erreibindikatu dute.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 27a
Argazkia: LAB irakaskuntza

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak asteartean egindako prentsaurrekoan jakinarazi zuenez, azaroaren 6ko larunbatez manifestazioa egingo dute Bilbon. "Hezkuntza publikoaren alde! Pribatizazioari ez!" lelopean, mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Hezkuntza Ordezkaritzatik (Diego Lopez de Haro kale nagusiko 85. zenbakia), eta beronen bitartez euskal eskola publikoarekiko harrotasuna adierazi nahi dute.

Deialdiarekin bat egin dutenen artean daude Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Amurrioko, Donostialdeako eta Lasarte-Oriako plataformak, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak eta Goieskola, Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea (EHIGE), Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioa (HEIZE), Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza, eta Gazte Komunistak. LAB, STEILAS, CCOO, ESK eta CNT sindikatuak ere batu dira.

Agerraldian, hezkuntza sistema "dual, klasista eta arrazista" gaitzetsi du topaguneak, eta euskal eskola publikoaren kaltetan jokatzen duela adierazi, "segregazioa eta bi mailako ikasleak" sortzen dituenez gero. Silvan & Miracle aholkularitzak egindako Euskadiko ikasleen bilakaera soziodemografikoa azterketaren datuak oinarri, egoera larria dela azpimarratu dute. Izan ere, azpimarratu dutenez, "Europako eta Espainiako Estatuko erkidegorik segregatzaileenetariko bat gara". Horren aurrean, aldarrikatu dute hezkuntzak ez lukeela merkatuaren logikaren mende egon behar, eta familien ahalmen ekonomikoarek ez lukeela hezkuntzarako eskubidea baldintzatu behar.

"Diru publikoz finantzatutako bi eskaintza izateak, kontzertazio unibertsalaren aterkipean, publikoa eta pribatua, lehia dakar ezinbestean, bi sareen edo sare bereko ikastetxeen artean", egin dute irakurketa, eta eskola-segregazioa horren ondoriotzat jo. "Dugun hezkuntza sistema dualak, beraz, gizartean dauden desberdintasunak konpondu beharrean, areagotu egiten ditu, bi abiadurako hezkuntza sistema eratuz eta gizarte haustura sortuz. Egoera larri honek herriaren kohesioaren etorkizuna jartzen du kolokan".

Egoera aldatzeko beharraren aurrean, zenbait aldarrikapen egin ditu topaguneak, hala nola: eskola publikoak administrazioaren lehentasun osoa izatea, udalerri eta auzo guztietan 0tik 18 urtera eskaintza publiko integrala eta doakoa bermatu behar duen eskola bakarra egotea, hezkuntza pribatu-itunduari mugak jartzea, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen araudi adostua sortzea, edota euskarazko murgiltze eredua orokortzea.

"Interpelazioa egiten diogu Eusko Jaurlaritzari egungo egoera diskriminatzaile honetara iristeko daramatzan hezkuntza politikengatik, baina baita sare pribatuko ikastetxeei ere, egoera hau baliatuz bere pribilegioak mantendu, inklusioari muzin egin eta segregazioa areagotzen laguntzen dutelako", adierazi dute.

Hezkuntza Akordioa, kezka iturri

Topaguneak prentsaurrekoa baliatu du aurrera eramaten ari den EAEko Hezkuntza Akordio berriaren aurrean. Lege berriaren eskaera komunitate publikotik atera ez dela deritzote, eta berau aurrera eramateko presak "beldurtzen" dituela adierazi. Berriak jasotako Maribel Lopez de luzuriaga bozeramailearen hitzetan, "presa horrek beldurtzen gaitu. Beste eragile batzuen presiopean izan dela uste dugu, eta beldur gara ez ote duen balioko dugun sistema hau legitimatzeko". Beren arabera, "gardentasuna behar dugu prozesuan, sare publikoko ordezkarien parte hartzea bermatuko duena, hezkuntza-sareez, finantzazioaz, murgiltze ereduaz eta eskola-segregazioaz hausnartuko duen prozesua, hain zuzen". Zentzu horretan, Jokin Bidarraitz Hezkuntza sailburuak egindako adierazpenak ere kezkaz hartu dituztela jakinarazi dute.