argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza Legea “pribatizatzailea” dela salatu eta eskola publikoaren alde kalera aterako dira igandean Donostian
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legearen kontra eta Euskal Eskola publikoaren defentsan aterako dira kalera,  lege-proiektua “pribatizatzailea” dela salatzeko.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 27a

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez! lelopean manifestaziora deitu du igande honetan Donostian. Lege proiektuari “erabateko aurkako jarrera” erakutsi eta lege proiektua “pribatizatzailea” dela salatzeko hartuko dituzte Donostiako kaleak.

Ekainean Hego Euskal Herriko hiru hiriburuetan “manifestazio jendetsuak” burutu zituzten eta “ekarpen kritiko ugari” aurkeztu zizkioten Euskal Eskola Publikoaren aldeko hainbat eragilek, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen aurrean eginiko agerraldietan.

Lege proiektua arbuiatzeko dituzten arrazoiak plazaratu ditu plataformak egindako agerraldian: sistema publiko-pribatu duala betikotzen duela; eskola publikoa lehenesten ez duela; ikasle guztiei euskararen erabilera eta ezagutzea bermatzen ez dizkiela eta segregazioari aurre egiteko neurri eraginkorrik ez duela jasotzen, besteak beste. Gaineratu dute, lege proiektuak “doktrinamendua babesten duela” eta eskolen arteko “lehian” oinarritzen dela.

Talde politikoek ardura hartzea

“Euskara indartu nahi bada, eskola publikoa indartu behar da” diote plataformako kideek, eta talde politiko guztiei horren gaineko ardura hartzea eskatzen die: zerbitzu publikoak indartu eta babesteko apustua egiteaz gain, Euskal Eskola Publikoa lehenetsi eta Hezkuntza Legeari “ezezkoa” eman diezaioten. Zerbitzu Publikoa “bakarra, denona eta denontzakoa” aldarrikatzen baitute.

Zerbitzu publikoen defentsan, hortaz, Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez! manifestaziora batzeko dei egin dute. Igande honetan, Donostian, goizeko 12:30ean, Boulevarretik hasita.