argia.eus
INPRIMATU
Euskal Errepublika aldarrikatuko dute Larrun mendian
  • Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek uztailaren 14an Larrunera igotzeko deialdia egin dute, Euskal Herri independentea eta bizitza eredu berri bat aldarrikatzeko.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 07a

Frantziar Errepublikaren eguna den “jaiegun inposatua” aukeratu dute Independentzia Martxarako. “Bizitza eredu berri bat aldarrikatzen dugu gazteok, politika sozialez beterikoa, amalurrarekiko errespetuzkoa, eta parekidetasunean oinarriturikoa; ez dago baina, Paris eta Madrilen teilatupean halakorik sortzerik. Independentzia ezinbestekoa zaigu, Euskal Errepublikan eraikiko baitugu berdinen arteko herria, Bokaletik Tuterara eta Eskiulatik Trebiñura”.

Frantzia eta Espainia estatuetako mugari “muzin eginez”, Larrun gailurrera igoko dira, batzuk Berako Alzate plazatik eta beste batzuk Olhetako Trabenia ostatutik, goizeko 10etan abiatuta. Askatasun indibidual eta sozialetan eman den “gibelaldi larria”, murrizketak, prekarietatea eta kaleratzeak ere salatu nahi dituzte, besteak beste.

Gailurrean topo egin eta ekitaldi xumea iragarri dute, “gazteok independentziaranzko bidean berresten garela gogora ekartzeko”. Bazkaria ere egingo dute, bakoitzak berea eramanda.