argia.eus
INPRIMATU
Euskal enpresa bat epaituko dute Alemanian hildako langile baten kasuagatik
  • Eraiki Prest azpikontratak langile portugaldarra Alemaniara eraman zuen 2018ko irailean, Enova enpresarentzat lan batzuk egiteko, eta teilatu batetik erori zen. ELAren esanetan segurtasun-neurrietan eta kontratazioetan irregulartasun larriak atzeman dituzte.   

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko otsailaren 25
Eraiki Prest enpresa salatu du ELAk Alemanian hildako langilearen kasuan segurtasun-neurriak ez hartzeagatik. Irudian, Donostiako eraikuntza enpresaren galerian langile bat ageri da teilatuan.

ELAk bi salaketa jarri ditu Eraiki Prest azpikontrata donostiarraren kontra: lehena Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza Probintzialean, eta bigarrena Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politika sailean. Sindikatuak jakinarazi duenez, gaur epaituko dute enpresa.

2018ko irailaren 3an langile bat hil zen Alemaniako Merkendorf hirian abeletxe bateko teilatuan eguzki-plakak jartzen ari zela, hamabost metrotik behera amildu ondoren. Langilea, jatorriz portugaldarra, furgonetan eraman zuen Eraiki Prestek beste lau lankiderekin, Belgikako Enova Construction enpresak azpikontrataturik obra hori egin zezan.

ELAk azaldu duenez, bi eguneko bidaiaren ondoren ordu gutxiren buruan jarri zituzten lanean beharginak, teilatu batean eta “inolako segurtasun neurririk gabe”. Hori frogatzen duen argazkia ere badute, hildako langileari erori baino bi ordu lehenago ateratakoa; segurtasun-uhalik eta sarerik gabe ageri da.

Eraikuntzako euskal azpikontrata batek langile portugaldarrak erabiltzen ditu, Alemanian azpilanak egin ditzaten Belgikako enpresa batentzat. Segurtasun eta lan-baldintza eskasak tarteko, L.M.P langilea hil egiten da

Langileak “engainatuta” eraman zituztela dio sindikatuak eta multinazional belgikarrak eskulan merkea eta espezializatu gabea azpikontratatu zuela enpresa donostiarraren bidez: “Hara heldu orduko esan zieten astean 60 euro ordainduko zietela”. Kontratuak Alemaniara joan bezperan edo “furgonetara igotzean” sinatu zituzten. Ez zituzten ezagutu ere egiten, lehen aldia zen Eraiki Prestentzat lan egiten zutela. Langileei ez zitzaien trebatzeko baliabiderik eman ezta azterketa medikurik pasa ere.

Babes gabe

Langilea teilatutik erori eta hil egin zela jakin orduko, ELAren esanetan, “ahalik eta azkarrena eraman zituzten bere kideak istripu-lekutik urruti, deklaratu ez zezaten”. Enpresaren arduradunik ez zen agertu heriotzaren tokira, trenez itzularazi zituzten Donostiara. “Hilabete geroago ordaindu die Eraiki Prestek lan egindako hiru egunak eta Euskal Herritik kanpora bidali nahi izan ditu”.

“Beldurtuta eta hunkituta” zeuden eta sindikatura jo zuten babes eske. ELAk salaketa jarri zuen azpikontrataren kontra eta azaldu duenez Osalan Alemaniako agintariekin ere harremanetan jarri da auzia ikertzeko: “Justiziaren erabakiaren zain gaude”.

Igor San José ELAko Gipuzkoako eraikuntza arduradunak ohartarazi du euskal enpresek ere egiten dutela dumpinga: Frantzian edo Alemanian lan egitera bidaltzen dituzte beharginak egoera prekarioan, “ez da harritzekoa istripuak gertatzea”.

Eraikuntzako euskal azpikontrata batek langile portugaldarrak erabiltzen ditu, Alemanian azpilanak egin ditzaten Belgikako enpresa batentzat. Segurtasun eta lan-baldintza eskasak tarteko, L.M.P langilea hil egiten da. Esplotazioaren globalizazioak baditu beste hiru sigla gure zerrenda beltzean.

[Eguneraketa: ELAk azaldu duenez, epaiketa bertan behera geratu da "aseguru konpainiaren aurkako demanda handitzeko". 2019ko irailean eskatu zizkion enpresari datuok, baina gaur arte ez eman izana arbuiatu du sindikatuak, "prozedura judizialaren luzapena eragiten duelako eta, horrekin batera, hildako langilearen familiaren sufrimenduarena"]