Hego Euskal Herrian, gizonezkoen batez besteko pentsioa 1.434 eurokoa izan zen 2017an, emakumezkoen kasuan ostera 825 eurokoa.
Pentsio duinak aldarrikatu eta emakumeen behar bereziei erantzunak ematea helburu nagusi dituen Oneka plataforma aurkeztu dute asteazkenean, Donostiako Emakumeen Etxean.
Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Egunean egindako agerraldian, gizon eta emakumeen pentsioen arteko arrakala ezabatzea, kotizatu gabeko bizi osoko lanaren ondorengo “eskubiderik gabeko zahartzaroa” amaitzea eta 1.080 euroko gutxiengo pentsioa bermaturik izatea aldarrikatu zuten besteak beste elkarteko kideek.
“Bidegabekeria sozial” hauen aurrean beraien artean antolatzeko beharra ikusi dute euskal emakume pentsionistek eta egoerari irtenbidea bilatzeko instituzio eta mugimendu sozialekin solaskide izateko prest agertu dira.
Pentsiodunen plataformekin eta feministen mugimenduarekin elkarlanean arituko direla gaineratu dute. “Gure helburuak lortzeko, ezinbestekoa izango da ahalik eta mobilizazio ahalmen handiena lortzea”.
300 emakume inguruk osatzen dute plataforma, baina aurrerantzean kideen kopurua nabarmen handitzea espero dute.
Informazio gehiago
Aurkezpen prentsaurrekoa (Hamaika TB)