argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herrirako instituzioa
Euskal Elkargoaren lehenbiziko presidentea hautatuko dute gaur
  • Baionako auzapez Jean-René Etchegaray, Gotaine-Irabarneko Bernard Lougarot auzapez zuberotarra eta Angeluko hautetsi komunista Jean-Jacques Doyhenart dira Herri Elkargoaren presidente hautagaiak. Gaur, arratseko 6etan, Baionan eginen den bilkuraren ondoren abiatuko da (HELEP/Herri Elkargoa) euskal instituzioaren egitasmoa.

ARGIA @argia 2017ko urtarrilaren 23a

Herriarteko Lankidetzarako Erakunde Publikoak (HELEP) hiru gune nagusi izanen ditu: 233 kideko elkargo kontseilua, 69 kideko batzorde iraunkorra eta 25 kideko batzorde eragilea.

Hauekin batera, orain arteko hamar herri elkargoen eremuko lurralde guneak izanen dira ondoan. Izan ere, egitura eraiki bitartean, tokian tokiko elkargoek “hurbileko zerbitzua ziurta behar dute”. Halaber, udalerri bakoitzeko sindikatuen ekarpenek lagunduko dute elkargo nagusia eraikitzen, herri –edo tokiko herri elkargo– bakoitzaren eskumenen arabera betiere

Aldi berean, bi aholku batzorde ere lanean ariko dira: Auzapezen Biltzarra eta Garapen Kontseilua. Gisa horretara, gizarte zibileko eragileek beren ekarpenak eginen dituzte, orain arte bezala.

Hamar herri elkargoek orain arte izan dituzten eskumenak hartuko ditu bere gain Herri Elkargoak: garapen ekonomikoa, lurralde antolaketa, ingurumena eta etxebizitza.

Halaber, euskararen aldeko eragileek eskatu bezala (Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak, besteak beste) Euskal Elkargoak hasieratik hartuko du hizkuntza eta kultura politikaren eskumena.

Instituzio berriak bi urte izanen ditu bere egitasmoa gauzatzeko. Alegia, tokian tokiko udalerrien eskumen horiek elkargo nagusira pasako dira, bestelakoan, ekimenak huts egingo lukeen kasuan, herriei itzuli beharko litzaizkieke eskumenak berriz ere.

Aurreikuspenen arabera, Jean-René Etchegaray izanen da instituzioaren lehen presidentea. Paradoxikoki, Bernard Lougarot zuberotarra eta Jean-Jacques Doyhenart angeluarra, beste bi hautagaiak, ez daude Herri Elkargoa osatzearekin ados.