argia.eus
INPRIMATU
Euskal Elkargoan izan daitekeen kargu metaketa ez du begi onez ikusten Baterak
  • Euskal Hirigune Elkargoaren balorazio gazi-gozoa egiten du Batera plataformak. Egitura horrek ahalbidetzen duen kargu metaketa dute puntu ezkorren artean. Duela hiru urte sortu zen instituzio hau eta martxoaren 15 eta 22ko hauteskundeetan finkatuko da osaketa berria.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko martxoaren 12a
Urte luzeetan mobilizatu da Batera, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren alde

Euskal Hirigune Elkargoak gobernantza itun berria bozkatu izana baikorki baloratzen du Batera plataformak, nahiz eta kanpaina giroan eta kargualdiaren bukaeran egin izana deitoratu. Duela hiru urte sortutako instituzio berri horren lanaz eta antolaketaz egindako balorapena plazaratu du plataformak: Balorapen gazi-gozoa dela erran daiteke.

Gogorki deitoratzeko elementuen artean bakarra ikusten du Baterak: hautetsiek karguak metatu ahal izana. “Ez da deus finkatu arduren metatzea mugatzeko. Adibidez, batzorde eragileko kide batek departamenduan, eskualdean edo Legebiltzarrean hautetsi izateko hautagaitza aurkezten segitzen ahalko du”. Horrez gain, gogorki salatu gabe ere, hainbat puntu hurbiletik segitzeko beharra azpimarratzen du egiturak. Tartean, parekidetasunarena. Gaur egun, Euskal Elkargoan aulkia dutenen %23,6 bakarrik dira emakumeak eta botere guneetan igo arau proportzioa tipituz doa (adibidez, Kontseilu Exekutiboan lau emakume eta hogeita bat gizon daude). Hala ere, elkargoak 2018an Tokiko bizitzan emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunerako Europar gutuna izenpetu izana begi onez ikusi eta aitzina eraman beharra azpimarratzen du plataformak.

Kostaldearen eta barnealdearen artean dagoen desoreka kritikatua izan da behin eta berriz. Baterak berak aldarrikatzen du deszentralizazio handiagoa eta lurralde kudeaketa orekatuagoa. Horri dagokionez, elementu baikorrak kausitzen ditu gobernantza pakto berrian: "Herriei eta lurraldeei toki handiagoa egin nahi die. Horrez gain, beste ahalmen berezi batzuk izanen dituzte polo horiek (dirulaguntzak, tokiko egitasmoen hautatzea…)".

Jendartearekin lotura behar

Esparru instituzional berri horren eta jendartearen arteko loturak ere interesgarritzat dauzka Baterak: “Lurralde batzordeek dituzten funtzioek ahalbidetuko dute lurraldeek eta jendarte zibileko eragileek ere toki bat izatea erabakitzeko mementoan". Nahi hori gauzatzeko urratsei begira egonen da plataforma, "zaindu beharreko puntu" bezala jotzen duelako.

Estatus bereziko instituzioaren beharra beti hor

Batera plataforma aritu zen urte luzeetan Ipar Euskal Herriarentzako ezagupen instituzionala aldarrikatzen. Borroka horrek ekarri zuen 2017an Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 158 herriak batzen eta biltzen ditu instituzio horrek.

Hala eta guztiz ere, elkargoa ez da plataformak aldarrikatzen duen estatus bereziko insituzioa. Nonbait, urte luzeetan eraman aldarrikapenak aktualitatean segitzen du eta eztabaida plazaren erdian atxiki nahian dabil oraindik ere Batera. Hala nola, Euskal Elkargoa sortu eta bi urtera, Iparraldeko instituzioa: nora joan nahi dugu? izenarekin abiatu zuten herritar auditoria, herritarrek instituzioekin daukaten harremana aztertzeko asmoarekin. Herritar foro bat ere antolatu zuen plataformak iazko irailean.

Martxoaren 15 eta 22an egitekoak diren hauteskundeetan erabakiko da elkargoaren osaketa berria.