argia.eus
INPRIMATU
Euskal Elkargoak hiru euskal preso politikoren egoera salatu du
  • Esnal, Haranburu eta Paroti ezartzen ari zaien “heriotza zigorraz” kexu da elkargoa frantziar justiziaren erabakiaren aurkako mozio batean.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 28a
Argazkia: Wikimedia Commons

Jean-Rene Etchegarayren sinadurapeko testu batek salatu duenez, larria da Parisko Dei auzitegiak joan den irailaren 24an Jakes Esnal presoari baldintzapeko askatasuna ukatu izanak eragiten duen egoera.

Ipar Euskal Herriko unitate administratiboak mozio bat aurkeztu du horren aurka, kontrako bozik jaso gabe. “Exekuzio” hitzaren erabileraz baino ez zen eztabaidatu, izatez, adiera hori erabili zuen elkargoak Jakes Esnali eskakizuna ukatu izana baloratzeko. Martine Bisauta hautetsi baionarraren eta Kotte Ecenarro auzapez hendaiarraren iritziz, idazkiak ez du aldaketarik merezi. Aldaketarik gabe ere defendatuko zutela erran zuten. Mathieu Bergek, berriz, aldaketa txiki bat galdegin zuen, “heriotza zigorra” kontzeptua erabiltzea, alegia. Azken hori onartu dute.

Idazkia Frantziako Justizia Ministeriora igorri dute. Aurretik, ordea, hautetsiren batek kexua aurkeztu zuen, testuarekin funtsean ados egon arren. Etchegarayk testua abisurik gabe aurkeztea deitoratu zuen PCFko Alain Duzertek: “Nire alderdiak zer uste duen jakin gabe babesten dut”.

“Pilota Eliseoaren teilatuan da, boz honek argi uzten baitu Ipar Euskal Herrian gehiengo azkar eta egonkorra badela espetxean 30 urte bete dituzten hiru pertsona hauek etxera itzul daitezen aterabidea eskatzeko”, esan du Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak Naiz atarian.