argia.eus
INPRIMATU
“Euskal Elkargoa zorpetu beharko da”
  • Jean Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak prentsaurrekoa eman du bideo-konferentziaz. Enpresei babes neurriak fabrikatzeko laguntza eskatzeaz gain, ekonomikoki hartuko diren neurriez eta azken hauteskundeen zilegitasun faltaz mintzatu da, besteak beste.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 10
Argazkilaria: Dani Blanco (artxiboko argazkia)

Lehendakariak dio hainbat enpresarekin harremanetan jarri dela dagoeneko, maskarak eta bestelako babes neurriak egin ditzaten, krisiari aurre egin ahal izateko, eta horretarako gauza diren enpresei dei egin die, eurek ere lagundu dezaten. Epidemiari aurre egingo dion herri burujabea nahi du Etchegarayk, Berrian kontatu dutenez.

Osasun krisian zerbitzu publikoak mantendu direla azpimarratu du, eta hainbat neurri ari direla hartzen, hala nola mediku postu aurreratuak, epidemia azeleratuz gero aurre egin ahal izateko.

Ekonomikoki, Akitania Berriarekin elkarlanean, enpresa txikienetatik hasi eta gainerakoentzat laguntzak adosten ari direla aurreratu du eta Euskal Elkargoa zorpetu beharko dela onartu du.

Tokiko produktuen alde

Egungo kontsumo eredua birpentsatu beharraz ere mintzatu da lehendakaria eta iragarri du tokiko produktuak zirkuitu laburrean merkaturatu ahal izateko proiektu deialdia jarriko duela martxan.

Hauteskundeen inguruan, lehen itzuliko abstentzio handia tarteko, emaitzen zilegitasuna zalantzan jarri behar dela adierazi du eta Baionako festen inguruan galdetuta, erantzun du Frantziako Gobernuari dagokiola erabakitzea ea uztaila bukaeran Baionako jai jendetsuak ospatu daitezkeen. Ezezkotan, festak atzeratu ahal izatea eskatuko du Etchegarayk.