Danele Sarriugarte Mochalesek, Kattalin Miner Perezek eta Maddi Altuna Galfarsorok jaso dute Martin Ugalde beka, Euskaldunon Egunkariak eta Berria-k genero gaietan izandako eragina ikertuko dute urtebetez.
Urtebeteko epea izango dute ikerlariek euren lana egiteko eta dokumentala ere kaleratuko dute. Beka maiatzean kaleratu zuten Berria Fundazioak, Elhuyar Fundazioak, Jakinek eta Martin Ugalde Kultur Parkeak eta asteazken goizean egin dute beka emateko ekitaldia. Denera 8.000 euro jasoko dituzte irabazleek.
Minerrek azaldu duenez mugimendu feministak Euskaldunon Egunkaria eta Berria-n genero gaiek izandako bilakaera nola ikusi duten aztertuko dute; besteak beste eta elkarrizketekin egindako dokumentala osatuko dute. Miner eta Sarriugarte ARGIAren kolaboratzaile ere badira.
Ekitaldian Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria izan da eta "hurrengo erronka" komunikabideen artean sare bat sortzea dela nabarmendu du. Orain arte egindako urratsak ere azpimarratu ditu. Hala, Begira batzordeak Publizitate eta Komunikazio Ez-Sexistarako Kode Deontologikoa sortu du. Azken helburua "audientzia kritikoa" sortzea dela azaldu du Landaidak.