argia.eus
INPRIMATU
Euskal editoreek sektorearen ataka larriaz ohartarazi dute
  • Euskal Editoreen Elkarteak, Euskadiko Editoreen Elkarteak eta Euskadiko Liburu Ganbarak txostena egin dute, koronabirusaren krisiak liburugintzari ekarriko dizkion kalte larriak azpimarratuz. Salmentek %20ko beherakada izatea aurreikusten dute. Lakuako Kultura Sailari sektorea eta euskarazko produkzioa babesteko proposamen sorta luzatu diote.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 09a
Irudia: etxepare.eus

Txostenak azaltzen du euskal editoreen sektorea eta liburugintza oro har 2008ko krisitik osatu gabe dagoela. Krisiak gogor kolpatu zuen, eta orduz geroztik laguntza publikoak, igo ordez, behera egin dute nabarmen. Editoreen elkarteek politika hori kritikatzen dute: “Ezin ulertuzkoa da nola 2009an, krisia hasi eta hurrengo urtean, laguntzak 4.400.000 euro ingurukoak ziren eta egun, berriz, 1.600.000 euro ingurukoak, hau da, %63,36 gutxiago”.

Atzetik datorren krisiari krisi berria gehituko zaiola uste dute editoreen elkarteek. Salmentak %25 jaitsiko direla aurreikusten dute. Beste horrenbeste, zehazki, euskarazko sorkuntzari eta produkzioari dagokionez. Euskarazko salmentak %14ko beherakada izan dute 2008-2018 aldian (43 milioitik, 37ra). 2020rako, aldiz, 67 milioiko salmentak aurreikusten zituzten, eta koronabirusaren krisiaren ondorioz %20ko beherakadaren beldur dira, 13 milioi gutxiago.

Euskara, desabantailan

Editoreek euskarazko kulturaren garrantzia nabarmendu dute. Euskara hizkuntza gutxitua dela diote: “Bi hizkuntza ofizial dituen herri baten bilakaeran, horietako bat erabateko desabantailan, minoritarioa izanik eta, horregatik, jarraikortasun eta garapen egoera larrian dagoelarik». Euskara babesteko neurriak exijitzen dituzte. Hartu ezean, diote, “jarraituko dugu agian Basque Country izaten, baina euskara hutseko murgilketa ezin pobreagoa izango da”.

Neurri zehatzak

Proposamen asko eta zehatzak egiten dizkiote euskal editoreek EAEko Kultura Sailari, besteak beste: Argitaletxeek, liburu dendek eta banatzaileek kotizazioa eteteko aukera izatea; horientzako 2,5 milioi euroko kreditu lerroa irekitzea, interesik gabea; literatura argitalpenentzako diru laguntzak %25 igotzea; liburu-bonu bat sortzea; literatura sustatzeko kanpaina publikoak abiatzea; edo liburutegi publikoen erosketak handitzea.