argia.eus
INPRIMATU
Euskal Diasporaren Egunean ofizialtasuna aldarrikatuko dute Donibane Garazin
  • Irailaren 8an, osteguna, Donibane Garaziko merkatuan elkarretaratzeko deia egin du Herribiltzak. “Lehenik eta nagusiki euskaraz! Ofizializazioa orain!”, aldarrikatuko dute.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 07a

Eusko Jaurlaritzak, Euskal Elkargoak eta Donibane Garaziko Herriko Etxeak, Euskal Diasporaren Eguna antolatu dute ostegunerako Donibane Garaziko merkatuan. 18:00etan egingo dute ekitaldi instituzionala. Ordu erdi lehenago, 17:30ean, euskaltzaleak elkarretaratzeko deia egin du Herribiltzak, erakunde horiek euskarari lehentasuna eta nagusitasuna eman ez eta, ondorioz, desagertzera kondenatzen dutela salatuko dute bertan.

Azken asteetan hainbat ekintza egin ditu Herribiltzak, besteak beste, Donibane Garazi sarrerako herriaren euskarazko izena frantsesezkoaren gainean jarri dute birritan, Herriko Etxeak atzera frantsesezkoa gainean kokatu baitu behin eta berriz.

Euskal diasporaren egunean izango diren erakundeetako ordezkariei Euskal herrian euskaraz kantatuko diete bertan bilduko diren euskaltzaleek. Hain zuzen ere,“diaspora ‘euskal’ egiten duena euskara da” azpimarratu du Herribiltzak prentsa-oharrean.