Ezaguna denez, Kataluniako egoera politikoa irauli duten eragile nagusiak lau dira: PdeCat, ERC, CUP eta ANC. Iragan den urriko erreferendumaren atarian lau eragile horien kokapen politikoak ezberdinak ziren eta denek ez zuten iritzi bera. Oinarri sozialek, ANC-Omiumek eta CUP-k mobilizazioei ekin zieten eta CiU ohiak eta ERC-k onartu behar izan zuten ibilbidea.
Oraingoz, Kataluniako Errepublikaren aldarrikapena sinbolikoa baino ez da eta prozesuaren etapa batean baino ez gaude. Gatazka juridiko-politikoa zabalik dago eta emaitza ikusteke.
Agerian geratu da eragile independentistek estrategia bateratuari eustea gakoetako bat dela, aldiz, paradoxikoa izanda ere, eragile ezberdinak eta autonomoak izatea ere beste gakoetako bat da.
Batetik independentismoa anitza izatea Kataluniako jendarte konplexuaren eremu askotara iristea ahalbideratu du; bestetik, beraien arteko lehia (estrategia bateraturako kaltegarria dena) arerio politikoari (Estatu espainiar eta nazionalismo espainiarrari) jarduna oztopatu dio.
Estatua eta bere laguntzaileak (IƱigo Urkullu, kasu) Talde independentisten pitzadura bila ibili dira eta egon badaude, baina lau eragileak batera atzera egitea ezinezkoa da. Eragile independentistek badakite lauetako batek atzera eginez gero, oinarri sozialak larrutik ordainaraziko diola. Gauzak horrela, mugimendu independentistaren baitan eragile ezberdinak eta burujabeak egotea Espainiako Estatuan trikimailuak eragotzi ditu.
Euskal Herrian
Geurean, berriz, bistan da eragile politikoek ez dutela osatzen Katalunian ikusgai dugun panorama. Hemen, Katalunin ez duten osagarri garrantzitsu bat ukan arren, (gehiengo sindikala) eragile nagusiak ez dira independentismo aktiboan kokatzen eta prozesu independentista baten hasieratik urrun kokatu gaituzte.
Duela urtebeteko prentsa irakurriz gero, Kataluniako erreferendum aurretik egindako agerraldietan, zenbait eragilek aldebakartasuna aldarrikatzen zuten "Euskal Bideari" ekiteko. Egun, aldiz, kikildu direla/garela ematen du. Izan ere, azkenekoetan Kataluniako eta Euskal Herriko erlojuak parekatzeko egin diren deialdiak Katalunian geldi daitezen egin dituztela dirudi.
Porrot batek sor lezakeen frustrazioaren beldurrez ezkerreko independentismoaren eledun nagusiek EAJ-PNVren bidaia-kidetza bilatu dute, alderdi horrek dituen behar eta arrisku berrien aitzinean komuneko interesek elkartu ahal gaituztelakoan
Kezkagarriak izan dira ere zenbait azalpen, Estatu espainiarrak euskal herritarrak eta katalanak liluratzeko (seduzitzeko) proposamenak mahai-gainera ditzala aholkatzea, esterako. Iosu Ion Imazen "Espainia lilura dezagun" edo gu liluratzeko aukerak egon daitezela esatea gertuegi daudela esango nuke. Estatu espainiarrean "eroso" egon ahal izateko proposamenek beldurtu ohi naute eta testu-inguru honetan askoz gehiago, Kataluniako jauziarekin bat egin beharrean, Katalunian atzera egin nahi dutenekin bat egin dezakeelako.
Adituen esanetan, agortutako jendartetan "porrot prebentiboa" indarrean jartzen da eta nire ustez "porrot prebentiboa da nagusi independentismoaren dinamizazioaren ardura hartu behar zutenengan.
Porrot batek sor lezakeen frustrazioaren beldurrez ezkerreko independentismoaren eledun nagusiek EAJ-PNVren bidaia-kidetza bilatu dute, alderdi horrek dituen behar eta arrisku berrien aitzinean komuneko interesek elkartu ahal gaituztelakoan.
Haatik, aste berean PPren aurrekontuak bozkatzeko; Pedro Sanchez presidente izendatzeko eta EH Bildurekin balizko Estatus politiko baten aurre-hitza sinatzeko gai den alderdi batekin akordio estrategiko bat hitzartzea biziki arriskutsua da. Inolako ondoriorik gabe, emandako hitza hamaika aldiz jateko gai den alderdi batekin jauzi soberanista eman nahi izatea ez da bideragarria.
Egia da Estatu espainiarrean eta Europan ematen ari den inboluzioaren aurrean PNV beldur dagoela. Gernikako Estatuak ematen dizkien onurak galtzeko beldurrez daude, baina Estatu espainiarrak jakin badaki euskal herritarrekin nola jokatu behar duen. Mayor Orejarekin saiatu ziren "a por ellos " hori egiten eta badakite horrek ez duela balio. Inboluzioa egon daiteke, baina hori gertatzekotan hamaika keinu egindakoan, azkenean PNV babes bila joango da.
Mendebaldeko hiru herrialdeetarako estatus aldaketaren mugak estuak dira. Beharra sentitu bezain laster, PNVk PSOE eta Podemosekin bestelako bide bat adostuko du. PNVrentzat askoz erosoagoa da ultraeskuina alde batean utzi eta Ezker Soberanista beste aldean laga, gainontzeko eragileekin Espainian eroso eta oparo jarraitu ahal izateko akordioa sinatuz.
Eszenatoki hori posiblea da eta hilgarria ezker Independentistarentzat. Ataka horretan ezker Independentista Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PNVk Podemosek eta PSOEk sinatutakoaren aurka kokatu beharko litzateke balizko autonomia estatus berri bat aldarrikatzeko, esperpentikoa. PNVek ez luke apenas higidurarik izango eta independentismoa desaktibatuta geratuko litzateke. Izan ere dagoeneko zenbait eragilek jardun independentista eten egin behar dela aldarrikatu dute.
Jardun independentisten beharra.
Katalunian bezala, Euskal Herrian ere Estatuekiko etena eta eredu sozioekonomikoarekiko haustura aldarrikatuko eta praktikatuko duten eragileen beharra du. Horiek gabe hurrengo urte luzeetan ez da dinamika eraldatzailerik sortuko eta dinamika horiek gabe gure jendartea, agortutako jendartea izango da, porrot prebentiboan itota.
Egungo testu-inguruan eragile horiek ezin dira kokatu hauteskundeetara joaten diren esparruan. Esparru hori urte batzuetarako egun dagoen moduan osatuta egongo da eta gorabeherak ezin dira oso handiak izan, gidoi honek ez duelako aldaketa estrukturalik proposatzen.
Esparru horretarako EH B ilduren zuzendaritzak erabaki estrategiko bat hartu du eta erabaki horrek ekarriko dituen ondorioek independentismo aktiboaren garapena oztopatuko dute. Lehia hauteskundeetara joaten diren alderdien esparruan kokatuko bagenu, emaitza zatiketa litzateke, guztiz antzua une honetan.
Katalunian bezala, Euskal Herrian ere Estatuekiko etena eta eredu sozioekonomikoarekiko haustura aldarrikatuko eta praktikatuko duten eragileen beharra du. Horiek gabe hurrengo urte luzeetan ez da dinamika eraldatzailerik sortuko eta dinamika horiek gabe gure jendartea, agortutako jendartea izango da, porrot prebentiboan itota
Estatu espainiarra eta frantsesarekiko aldebikotasun orekatua eskuratu ahal izateko modu bakarra errepublika burujabea sortzea da. Hortaz, orain aldebikotasunean oinarritutako estrategiek harresi batera garamatzate; aldebakartasunean oinarritutako estrategia azken muturrera eraman ahal izateko adina indarra ez dugu. Labirinto honetatik ateratzeko independentismoak bide berriak eta subjektu politiko berriak sortu behar ditu. Aldebakartasunetik hastea baino ez dago, baina garapen historikoa eta eraldaketa politikoa ulertzeko baliabide eta paradigma berriak erabili behar ditugu.
Mediterraneoko gure lagunen moduan, guk ere erreferente erradikalen beharra dugu. Dinamika eraldatzaileak sor daitezke soilik, subjektu politiko eta pertsona batzuek "0" minututik haustura-prozesuari ekiten badiote/diogu.
Gure ANC osatzeko baldintzak ez dira ematen, besteak beste , hemengo eskuina autonomista delako eta egitura "panabertzaleak" autonomismora mugatuko direlako; baina "euskal CUP" batzuk sortzeko aukera eta premia dago hauteskunde lehiatik at, beste militantzia batzuekin bateragarria eta dantza eta doinu interesgarriagoak jotzeko lagungarriak.