argia.eus
INPRIMATU
Euskadiko Orkestrak 24-25 denboraldia aurkeztu du “kontrastea eta araoa” lelopean
  • Ohiko errepertorioko obrei gehituko zaizkien berriek emango dute kontrastea eta araoa, berriz, Pascual Aldarveren Akelarre obrak ekarriko duela jakinarazi dute. Orkestraren programazioak nazioartean ezagunak diren zuzendariak, solistak eta abesbatzak barne hartuko ditu. Kontzertuak Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean izango dira.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 05
Euskadiko Orkestraren 24-25 denboraldiko portada, kostrastea eta araoa oinarri hartuta. Argazkia: Euskadiko Orkestra

Euskadiko Orkestrak 2024-2025 denboraldia aurkeztu du. Bertan izango dira obra berriak eta aurpegi ezagunak. Ohiko errepertorioko obrez gain, Scriabin, Szymanowski eta Schoenbergen-en obrak programatu dituzte. Araoa edo konjurua Pascual Aldarveren Akelarre konposizioak ekarriko du, artistaren jaiotzaren mendeurrena oroitzeko. Aurreko urteetan izandako konpositoreei, musikagile berriak gehituko zaizkie, hala nola, Beatriz Arzamendi arrasatearra.

24-25 denboraldian guztira 50 kontzertu emango dituzte, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean banatuta. Hiri bakoitzean hamar kontzertu egingo dituzte, Donostian izan ezik, hogei kontzertu izango dira han. Orkestrak hamaika obra berri gehituko ditu errepertorioan, publikoarentzat berriak direnak. Artista askok interpretatuko dituzte obrak, zazpi zuzendarik, zortzi solista instrumentalek eta bi abesbatzak, hain zuzen ere.

Euskal gazteen prestakuntzan konpromisoa

Denboraldi honetan ere, Euskadiko Orkestrak “euskal musikari gazteenekiko konpromisoari eutsiko” diola adierazi du. Hori dela eta, Euskadiko Ikasleen Orkestrak (EIO), Musikene eta Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) gazteak orkestraren lerroetan sartuko dira. EGOk Mahlerren Bederatzigarren Sinfoniaren interpretazioan hartuko du parte, Musikeneko ikasleak itxieran izango dira Mahlerren Zazpigarren Sinfoniaren interpretazioan eta EIOko gazteek atrila partekatuko dute Euskadiko Orkestrako musikariekin.

Denboraldi berrian, hamar kontzertutarako abonuen prezioa mantendu egingo dute, eta 80 eta 235 euro artean balioko dute. Irailaren 1etik aurrera, sarrera solteen prezioa 10 eta 40 euro artekoa izango da, eta 30 urtetik beherakoek eta kontzertua hasi aurreko 30 minutuetan 10 euroan eskuratu ahal izango dira. Euskadiko Orkestrari laguntzeko borondatezko ekarpenak ere irekiko dituzte.