argia.eus
INPRIMATU
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak greba egingo du azaroaren 18tik aurrera
  • EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoko langileek greba egingo dutela jakinarazi du ELA sindikatuak. Helburua hitzarmen bat sinatzea da; lanpostuei eutsi, egonkortasuna lortu eta murrizketak amaitzeko.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko azaroaren 10

Hilaren 18tik aurrera egingo dute greba, OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak antolatutako opera jaialdiak iraun bitartean. Elkarteak zehaztu duenez, ez da ekitaldirik bertan behera geratuko greba dela eta.

ELAk adierazi du urtebete daramatela zuzendaritzarekin negoziatzen, baina denbora guzti honetan ez diela kasurik egin: “2010. urtean legez kanpo amortizatu ziren lau postuak berreskuratzeko bermerik ez dago, ezta etorkizunean lanpostuak iraunarazteko bermerik ere”. Gaixoaldi eta erretiroetan lan postuak ez direla ordezkatzen nabarmendu dute eta ildo horretatik jarraituz gero, Euskadiko Orkestra “deseginez” joango dela.

Eusko Jaurlaritzarekin ere kritikoak izan dira. Sindikatuak esan duenez, ez lehengo kultura sailburuak – Cristina Uriartek – ez oraingoak – Bingen Zupiriak – , ez dute langileekin biltzeko interesik azaldu, nahiz eta egoeraz jakinaren gainean egon.

Murrizketek hasierako helburuak deuseztatu dituztela nabarmendu du ELAk. “Musikaren kalitatea ez da bermatzen eta orkestraren gizarte eginkizuna ezbaian dago”.