argia.eus
INPRIMATU
Euskadiko eta Bilboko orkestrak fusionatzea proposatu du Jose Luis Bilbaok
  • Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskadiko (EOS) eta Bilboko (BOS) orkestra sinfonikoak fusionatzeko proposamena luzatu dio Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari. Bat egiteak "onurak" ekarriko lituzkeela dio Bilbaok, eta "traumarik gabeko prozesua" abiatu beharko litzatekeela gaineratu du. Helburuetako bat "kostuak murriztea" litzatekeela nabarmendu du César Coca kazetariak Vocento taldeko egunkarietan.

ARGIA @argia 2013ko urtarrilaren 29a
EOS eta BOS bateratzeak gastu publikoa murriztuko luke. (Argazkia: EOS)

2013an 14 milioi euroko diru-laguntza publikoa jasoko dute EOSek eta BOSek, eta bien arteko bat egiteak kopuru hori murriztea ekarriko luke. Baita langile gutxiago izatea ere. Cokak dioenez, bi orkestretan 160 musikari baino gehiago ari dira orotara, eta eginbehar administratibo eta teknikoez arduratzen diren beste 25 langile. Kopuru handiegia orkestra bakar baterako. Espainiako Orkestra Nazionalak adibidez 100 musikari inguru ditu, Bartzelonako Orkestra Sinfonikoa eta Kataluniako Nazionalak 90 baino gutxiago, eta aurrekontu askoz ere handiagoa duten Berlin eta Vienako orkestra filarmonikoek 120 inguru.