Ondorengoek irabazi dute euskarazko kategorian: Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta, Miren Billelabeitia, Maialen Berasategi, Joxe Mari Berasategi eta Joseba Larratxek.
Arantxa Urretabizkaiaren Azken Etxea lanak eraman du Euskarazko Literatura saria, Patxi Zubizarretaren Zerria nabarmendu da haur eta gazte literaturan, eta saiakeren artean Miren Billelabeitiaren Norberak maite duena saritu dute. Euskarazko Literatura Itzulpenen artean, berriz, Maialen eta Joxe Mari Berasategiren Paradisua lana gailendu da.
Literatur Lanaren Ilustrazioaren saria, bestalde, ARGIAko kolaboratzaile Joseba Larratxek irabazi du, Ni ez naiz Mikel Laboa komikiagatik.
Gaztelaniazko lanen artean, Literatura saria Alejandro Morellónentzat izan da, El peor escenario posible liburuagatik; eta Ander Izagirreren Vuelta al país Elkano lana nabarmendu da, aldiz, saiakeraren esparruan.
Muxikebarrin, Getxoko Arte, Kultura eta Kongesuen Zentroan egin dute 2023ko Euskadi Literatura Sari banaketa. Iñigo Urkullu Lehendakariak gidatuta, han izan dira Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria, Kulturako sailburuorde Andoni Iturbe eta Kultura sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti.
Ekitaldian saridunen hitzak entzuteko aukera izateaz gain, haien lanen pasarteak irakurri dituzte Amoranteren zuzeneko musikarekin batera. Urkulluk nabarmendu du Sariek “literaturaren beharra, garrantzia eta plazera aldarrikatzeko aukera” eskaintzen dutela. “Esker ona” adierazi die, halaber, idazle eta argitaratzaile guztiei.