argia.eus
INPRIMATU
Euskadi-Kuba elkartearen lokala erreko duela egin du mehatxu eskuin muturreko gizon batek
  • Gobernuz Kanpoko Erakundeak salatu du bigarren aldia dela gizon berak haien aurka egiten duela. Oraingoan esan die lokala erreko duela eta "komunista zikinak" eta "maritxuak" direla.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko uztailaren 28a
2020ko urrian Euskadi-Kuba elkarteak deitutako elkarretaratzea. Argazkia: Joseba Mirena, @CasviFactory Twitterren.

Euskadi-Kuba elkartearen lokala Bilboko Prim kalean dago. El Saltok informatu duenez, ekainaren 26an gerturatu zen gizona, Kubako Errebeldia Nazionalaren eguna ospatzen ari zirela. Bigarren aldia da gizon honek mehatxatzen dituena. Oraingoan elkartearen lokalean zeuden bi pertsona mehatxatu zituen: “Lokala erreko dizuet, egunen batean hau dena erreko dut, komunista zikin batzuk eta maritxu batzuk zarete".

Elkarteak ziurtatu du gizona ezaguna dela Patria y Vida eskuin muturreko erakundeko kide izateagatik eta erakunde horrek berak sortu zituela liskarrak aurreko urteko uztailaren 15ean, pertsona talde bat "Unblock Cuba (desblokeatu Kuba), Gora iraultza" lelopean kontzentratua zegoenean. Beste gizon batekin gerturatu zen oraingo erasotzailea, eta eraso egin zioten ekintzaileetako bati.

Eraso sistematiko eta koordinatuak

Euskadi-Kuba elkarteak beste elkarte batzuekin (Sierra Maestra-Euskadi, Desembarco del Granma eta ACESMA) salatu du eraso “sistematiko eta koordinatuak” jasaten ari direla arlo judizial, ekonomiko, politiko eta mediatikoan.