argia.eus
INPRIMATU
Euskadi Irratiak Xabier Olanoren adierazpen “larri” batzuk ezkutatu dituela salatu dute erredaktoreek
  • EAJren garaian Gipuzkoako Aldundiak enpresa handiak ez ikuskatzeko agindua eman zuela adierazi zuen EH Bilduko hautagaiak irratiko elkarrizketa batean, baina albistegietan ez zen agertu.

ARGIA @argia 2015eko maiatzaren 20a

Euskadi Irratiko Erredakzio Kontseiluak oharra kaleratu du irrati horretako zuzendaritzak hartutako erabaki baten inguruan desadostasuna azaltzeko.

Xabier Olano EH Bilduko hautagaiari egindako elkarrizketa batean, iruzur fiskalaz galdetuta honek adierazi zuen EAJ Gipuzkoako Aldundian egon zen garaian “espresuki” agindu zuela zenbait enpresa handi ez ikuskatzeko:

Salaketaren “larritasunaz” jabetuta, erredaktoreek beharrezko ikusi zuten titular hori hauteskundeetako albisteen artean sartzea. Baina ez zen halakorik egin, ez eguerdiko tartean, ezta arratsaldekoan ere. Horren ordez, Olanok baserritarrei buruz esandakoei egin zitzaien lekua.

Euskadi Irratiko erredaktoreak kexa dira: “Askotan sentitzen dugu etsipena, titularrak eta esklusibak emateko, protagonistek gaztelaniazko medioak aukeratzen dituztela ikusten dutenean. Ez dugu imajinatzen  beste komunikabide batean Xabier Olanok eman zuen pareko titularra eskuratu eta hori oharkabean pasatzea”.

EH Bildu azalpen eske

EH Bilduk eskatuko du Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak azalpenak eman ditzala Legebiltzarrean, Euskadi Irratian Xabier Olanoren hitzak “zentsuratu” zirelako.

“Euskadi Irratiko kazetariek beraiek egindako salaketa oso larria da, berriz ere agerian geratzen delako EiTBn irizpide alderdikoiak lehenetsi egiten direla”, azaldu du Unai Urruzuno koalizioko boeramaileak.