argia.eus
INPRIMATU
Euskadi eta heriotza duina

Julen Goñi 2023ko azaroaren 25

Azaroaren 2an heriotza duinaren nazioarteko eguna ospatu zen. Horren harira, gai honetan Euskadiko egoera nola ikusten dudan adierazi nahi dut idatzi honen bidez.

Jakin badakigu heriotzaren gaia ez dela gustukoa lagun askorentzat, bera gertatzea saihestezina bada ere, eta, bizitzarekin gertatzen den bezala, modu onak eta txarrak daude. Horregatik, agian, heriotzari buruz hitz egin beharrean heriotza duinari buruz hitz egin beharko genuke. Zer da heriotza duina? Istripuz, eraginda edota bat-batean gertatzen dena kenduta, norberak aukeratzen duena da, hots, nola, non eta noren ondoan hil nahi dugun erabakitzeko aukera izatea da.

Hala erlijio gehienek nola alderdi eskuindar eta faxista batzuk uko egiten diote gure hiltzearen jabe izateko aukerari. Nik, berriz, geure buruaren jabe izan gabe askeak ez garela eta duintasuna galtzen dugula defenditzen dut, eta, ondorioz, duintasuna nahiz askatasuna izateko gure bizitza eta heriotza gure esku egoteari nahitaezko deritzot. Eskuindarrek bizitzea betebeharra bihurtu nahi duten bitartean, demokratok, besteak errespetatzen ditugunok, eskubidea dela azpimarratzen dugu.

Lehen eutanasia Euskadin burutu zen arren, geroago gizarte mailan eman den informazioa nahiz profesionalei eskainitako prestakuntza oso eskasak izan dira

Hiritarrok eskubideak ditugu, baina hutsean geratzen dira baldin eta haietaz ezer jakiten ez badugu. Eskubide horien artean gure osasunarekin eta hiltzearekin lotutako batzuk dira. Heriotzaren kasuan, Euskadin, hiltze prozesuan ditugun eskubideak eta duintasuna bermatzen dituen 11/2016 Legea, Eutanasia Legea eta aurretiazko borondateak arautzen dituen 7/2002 legea ditugu.

Esan bezala, lege horiek biltzen dituzten eskubideak ezagutzea nahitaezkoa da heriotza prozesua gure esku izateko. Nor da herritarrei horren guztiaren berri eman behar diena haiek libreki aukera dezaten? Eutanasia Legeak berak informazioa, prestakuntza eta edukien hedapena Eusko Jaurlaritzari dagozkiola ezartzen du.

Zoritxarrez, denbora pasa ahala, itxura baino ez da izan Jaurlaritzak gai hauetan izandako jarrera, zeren eta lehen eutanasia Euskadin burutu zen arren, geroago gizarte mailan eman den informazioa nahiz profesionalei eskainitako prestakuntza oso eskasak izan dira, eta berdin esan daiteke Aurretiazko Borondateen Agiriari (ABA) dagokionez, hala nola eskubide horiek gauzatzeko behar diren baliabideei ere.

Ondorioak datuetan islatzen dira: Euskadin egindako eutanasiak hildakoen %0,11koak izan dira, eta Belgikan eta Holandan, gutxi gorabehera, %4koak. ABA egiteari dagokienez, ez dira %2ra ailegatzen. Datu horiek Jaurlaritzaren ardura eskasa frogatzen dute, eta hiritar askorentzat sufrimendua suposatzen du, kontuan izanda ABA dela geure buruaren jabe izan ezean hiltzeari dagokionez gure nahia bete ahal izateko bide bakarra.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Biltzarrean dauden alderdi guztiei aipatu gabezia horiek gainditzeko behar diren neurriak har ditzatela exijitzen diet, muga asko dituen legeak berak ere hori bera exijitzen duelako, eta hiritarrak haien eskubideen alde borrokatzera animatzen ditut.

Julen Goñi, filosofia irakasle ohia