PPk eta PSEk Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediari Legebiltzarrean gertakarien berri emateko eskatu diote. Hamasei dira momentuz atxilotuak baina Ertzaintzak ikerketa zabalik duenez, kopuruak gora egin dezakeela jakinarazi du.
ErNE sindikatuak jakinarazi duenez 500 eta 1.000 zale artean ibili ziren istiluetan eta sindikatuek salatu dutenez ez zegoen behar adina agente.
Suziri eta beste hainbat objektu nola sartu zituzten jakiteko dago oraindik. Izan ere, Santi Arostegik El País egunkariari jakinarazi dionez, neurketa arrisku handiko partida gisa izendatu zuten eta, segurtasun lanak ertzain batek koordinatu zituela gaineratu du.
Gaur ErNE sindikatua Istiluen Aurkako Talde Mugikorreko Ertzainekin elkartuko da eta adierazi dutenez, horietako hamabi izan ziren zaurituak. Ostiralean aldiz, Anoetan izan ziren Hiri Segurtasuneko ertzainekin elkartuko da sindikatua. Zer gertatu zen eta antolakuntza nolakoa izan zen jakin nahi dute bilkura horietan. Ertzainek Jaurlaritzaren aurka jarri nahi dituzten salaketak babestuko dituztela ere jakinarazi dute.