argia.eus
INPRIMATU
.eus munduko domeinu berri onenen artean
  • 2014an sareratu ziren eta martxan dauden 783 domeinu berrietatik 4. postuan dago. Argia.eus 12. da “konfiantza-fluxu” onena duten webguneen artean.

ARGIA @argia 2015eko azaroaren 05

Globe Runner enpresa estatubatuarrak ikerketa egin du 2014an sareratu ziren domeinu berrien artean. Urte hartan eman zuen baimena ICANNek 1.300 domeinu berri interneten aritzeko eta horietatik 783 daude martxan.

Ikerketa horren arabera, domeinuen kalitateen rankingean .eus laugarren postuan dago, .nrw, .scot, . brussels-en atzetik. .eus fundazioak azaldu du ikerketa horrek agerian uzten duela “.eus erregistratzen duten webguneek domeinua erabiltzeaz gain kalitatezko edukia sareratzen dutelako, beste domeinu batzuetan ez bezala. Kantitateari erreparatuta, aldiz, 4.370 domeinu-izen erregistratuta, domeinu berrien artean 236.a da .eus”.

Argia.eus TOP20aren barruan

Globe Runnerrek domeinu berriak erabiltzen dituzten mundu osoko 20.000 webgune ere aztertu ditu. Zehazki,  haien “konfiantza-fluxua” neurtu du, eta TOP20aren barruan hiru euskal webgune ageri dira: eitb.eus (4. postuan) berria.eus (9. postuan) eta argia.eus (12. postuan).

Zerrenda horren lehen postuan Ipar Renania-Westfaliako land alemaniarraren webgune ofiziala dago (land.nrw); bigarrenean Eskoziako Gobernuarena (gov.scot); eta hirugarren postuan ageri da Bruselako Hiriburu eskualdearena (be.brussels). TOP20aren barruan daude, baita ere, software libreko multimedia-zentro ezagun baten erabiltzailearen gida, Erresuma Batuko gay eta lesbianen fundazioa, edota Bretainiako eskualdearen webgunea, besteak beste.

Zerrenda osoa hemen ikus dezakezu.