Maiatzaren 11n ospatuko da Suedian Eurovision jaialdia eta Israelen parte hartzeak kritika ugari sortu ditu. Europako milaka artista eta ehunka antolakundek jaialdiari boikota egiteko deia egin dute. Aurten Malmö hirian izango da ekitaldia eta aurreko egunetan, milaka pertsonak protesta egin dute Israelen presentziaren aurka.
2024ko Eurovision jaialdian ere hartuko du parte Israelgo estatu sionistak. 40 aldiz izan da Israel Europako Irratigintza Batasunak antolatutako musika lehiaketan. Urtarrilean Eurovisionen antolatzaileek uko egin zioten Israel baztertzeari, “ekitaldi apolitikoa” dela argudiatuta. 2022an, baina, Errusia kanporatzea erabaki zuten, Ukraina inbaditu eta hurrengo egunean, ekitaldiaren “izena zikinduko” zuela esanez.
Suediako Malmö hirian ospatuko da aurten jaialdia, eta manifestazio eta protesta ugari antolatu dira asteotan herrialde osoan zehar, sionisten presentziaren aurka. Mila musikari suediar baino gehiagok exijitu dute Israelek ez dezala parte hartu, “Gazan egiten ari den sarraskia” dela eta.
Europako ehunka erakunde eta elkartek bat egin dute eskaerarekin eta, antolatzaileen ezezkoaren aurrean, Eurovisioni boikota egitera deitu dituzte ikus-entzuleak. Espainiako RTVE kate publikoak, adibidez, jaialdiaren antolakuntzako kide denak, milaka gutun jaso ditu azken asteetan, boikotera deitzen.
Flandriako Telebistako langileek, Eurovisionen finalaurrekoen osteguneko emisioan, Israelen genozidioaren aurkako mezua sartu zuten zuzenean. Aurretik, Belgikako bi ministrok adierazia zuten publikoki, uste zutela Israeli ez zitzaiola utzi behar Eurovisionen abesten, Gazan zibilak hiltzen jarraitzen zuen bitartean.
1973tik izan da Israel Eurovisionen. Ordutik, hainbatetan salatu izan da estatu sionistaren normalizazio eta zuriketarako tresna gisa erabiltzen dutela ekitaldia. Israel Europan egon ez arren, Israelgo kate publiko Kan 11 Europako Irratigintza Batasuneko kidea da. Elkarte honek batzen ditu Europako telebista kate publikoak, eta haiek antolatzen dute musika jaialdia. 1973tik hirutan ospatu da Israelen Eurovision, bi aldiz Jerusalemen eta Tel Aviven behin. “Ekialde Hurbileko demokrazia bakarraz” gain, Turkia eta Australia dira lehiaketan parte hartzen duten Europaz kanpoko herrialdeak.
Aurten Eden Golan izeneko abeslari israeldarra izango da sionisten ordezkaria Eurovisionen, Hurricane (Urakan) abestiarekin. Abesti hau ez zen izan Israelen lehen aukera, baina jaialdiko antolatzaileek atzera bota zuten October rain (Urriko euria) kantua, argudiatuta “gai politikoak” izateagatik ez zuela ekimenaren legedia betetzen.
Golanek hedabide israeldar bati emandako elkarrizketa batean adierazi du ohorea dela Israel ordezkatzea Eurovisionen, eta aurten bereziki esanahi garrantzitsua duela bertan parte hartzeak, “nor garen erakusteko”. Aitortu du harritu egin zela jakin zuenean Eurovisionen zale batzuek ez dituztela gustuko israeldarrak, eta esan du “ez zekiela hori aukera bat zenik ere”. Elkarrizketa berean dio, Israelgo armadagatik galdetuta, oraindik ez duela izena eman, baina musika jaialditik bueltan zerrendaratuko dela lehen aldiz. Armadako zerbitzua egitea “misio” bat delako.
Eden Golan Eurovisioneko kanporaketa fasean kantatzen ari zela, protestak eta txistuak jaso ditu Malmöko oholtzan, Israelen parte hartzearen aurkako boikot kanpainaren baitan.
Espainiar Estatuko Palestinaren Okupazioaren Aurkako Elkartasun Sareak Israelen pinkwashinga salatu du aurten, beste behin. Ohartarazi dute, Eurovision LGTBIQ+ komunitatearentzako erreferentziazko leku gisa aurkezten den bitartean, Israelen sexu berekoen arteko ezkontza ez dagoela baimendua eta pertsona transek ez dutela eskubiderik.