Kostatu da baina partida alde daukate. Lehen aldian, espero zutena baino traketsagoa jokatu zuten baina bigarren aldia aurrera doan heinean gero eta gertuago ikusten du garaipena Euneiz-ek.
Unibertsitateen Txapeldunen Ligan jokatzeko helburua askoz gertuago omen dago.
Bai, sorpresarik ez badago, European University Gasteiz-ek partida irabaziko du. Lehia alde daukate. Arbitroak begi onez ikusten du bere jokoa. Izan ere, kolore berberak sentitzen ditu. Elitearen koloreak.
Berdin da Euneizek eskainiko dituen ikasketa batzuk edo oso antzekoak jada EHUn eskainita egotea, eta beste bat erkidegoko unibertsitate pribatu batean. Baloiaren kontrola hartzeko unibertsitate publikoari ohea egin dio, epaileak beste alde batera begiratzen zuen bitartean.
"Entrenatzaileak buelta ematen dio jokalariek begiratzen duten arbelari. Alde batean jartzen bazuen ere, 'Eskola publikoa. Nirea. Zurea. Denona', atzealdetik irakur daiteke, 'Hezkuntza pribatua. Gure benetakoa. Elitearena'"
Partida aurrera joanda, euskarari ere driblin egingo dion ikusi behar, baina, momentuz, aurrera jarraitzen du, Vitoria unibertsitateen mapan kokatzeko. Eta horrela lortu du lehenengo gola, eskuadratik, zaleen poztasun oihu eta saltoen artean. Mapan handiago agertuko omen gara hemendik aurrera. Hiriaren harrotasuna.
Alavesen antzera, estuve y estoy: egon nintzen eta banago. Ikusle bezala bai, zeren eta unibertsitate horretan jokalari izateko bataz besteko 8000 euroko matrikula ordaindu behar da... Joko-zelaira sartzeko sarrera-prezio horrekin, zale gehiago kanpoan geratuko omen dira… Haiek eta haien alaba-semeak. Hori bai elite-jokalariek herritar gehienoi sartutako gola baselinaz! Dotore-dotore! Analisia eta zentzu kritikoa, beste behin ere, jokoz kanpo.
Atsedenaldira helduta, entrenatzaileak buelta ematen dio jokalariek begiratzen duten arbelari. Alde batean jartzen bazuen ere, “Eskola publikoa. Nirea. Zurea. Denona”, atzealdetik irakur daiteke, “Hezkuntza pribatua. Gure benetakoa. Elitearena”.
Baloia berriz Eusko Jaurlaritzako kantxan, gero eta errazago sartzen da Euneiz kontrakoaren jaurtiketa libreko zonara. Izan ere, unibertsitate publikoa bere jokalarien langileak eta azpiegitura mantentzeko eta handitzeko finantzaketa lortzeko zuhurkeriaren defentsa irmoaren kontra aritu behar bada behin eta berriro denboraldi guztietan, erakundeek Euneiz taldeari saskirako bidea ireki diote zonan estrategikoki jarritako blokeoen bidez. Modu horretan, saskia birrindu dute behin baino gehiagotan, dagoeneko partidaren laugarren laurdenean murgilduta.
Edozein kasutan, deigarria da “publikoaren defentsa” leloa elastikoan daraman taldearen epeltasuna eraso egitean. Ematen du Baskoniako elastikoarekin jantzita dagoen taldeari aurre egitean kikilduta dagoela, akaso eraso-falta egitearekin kezkatuta edo, ziurrenez, ikusle askoren erantzunaren beldur. Araban Baskoniaren itzala oso luzea da…
Antzeko jarrera sumatzen da hezkuntza publikoaren zona defendatzean, non Euneizeko jokalariei egiten zaien markaketa oso epela den. Egia esan, jokalari batzuk besoak jaitsita mantentzen dira Euneizek beste saskiratze bat ahur-palaz sartzen duen bitartean. Euneizek 500 lanpostu sortuko dituenaren zurrumurrua zabaldu omen da estadioan eta “lanpostuak sortzea” entzutean taldearen defentsa desegitea lortu omen du. Lanpostuen sorrera eta urtero ekarriko omen duen 29 milioi euroko onura ekonomikoena despistatzeko estrategia bat izan daitekeela ohartarazten dute batzuek, baina, nahasmen-une horretan, Euneizek beste hiruko bat sartzen du, klaxon-jotzea entzuten den momentuan, bere garaipen zabala borobilduz.
Euneizek, kontrako oposizio txikia izanda, partida erraz irabazi du, Erkidego Autonomoko Final Four-erako txartela lortuz. Izan ere, hurrengo denboraldian beste hiru unibertsitaterekin lehiatuko da: bat publikoa eta beste bi pribatuak. EUSTEIZ 2018 Sociedad Anonima Unipersonal elkarteak apustu sendoa egin zuen eta partida menperatu du. Minutu gutxi barru jakingo dugu nori emango dioten MVP (Most Valuable Player) saria. Partidaren garapena ikusita, saria alkatearentzat izan daiteke, Euneiz talderako errekuperatutako errebote ugariengatik, edota diputatu nagusiarentzat, emandako asistentzia zehatzengatik.
Harro bete dezagun Gasteiztarrok Ama zuriaren enparantza unibertsitate elitistari ongietorria emateko.