argia.eus
INPRIMATU
Argazki bilduma
Europatik Kurdistanera zabaldu den elkartasuna
  • Otsaileko lehen hamar egunetan, kurduekiko I. Nazioarteko Elkartasun Martxa egin da Luxenburgo eta Estrasburgo artean. Kurduez gain, 19 herrialdetako 80 pertsonak osatutako internazionalista talde batek ere parte hartu du eta horien artean, sei euskal internazionalista izan dira. Irantzu Pastor argazkilaria ere han izan da eta martxaren kronika eta irudiak egin ditu.

Irantzu Pastor @irantzupastor 2017ko otsailaren 14a

Abdullah Öcalan, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzaile eta Kurdistango borrokaren buruzagi ideologikoa da, aste honetan, hemezortzi urte bete dira Turkiako Imrali irlan espetxeratuta dagoenetik. Bizi osoko kartzela zigorra ezarri zioten “terrorismo eta traizioa” egiteagatik. Aspalditik dago bakartuta, bere abokatuaren bisitak besterik jaso ditzake eta osasun egoera gero eta txarragoa da.

Kurduek argi dute Öcalan dela beraien herrialdean bake eta askatasuna lortzeko giltzarria. Hortaz, “Apo”ren (horrela deitzen diote kurduek maitasunez Öcalani) nahiz gainontzeko preso politikoen askatasuna eta Kurdistani estatus politikoa onartzea aldarrikatzeko, otsailaren batetik hasita, Nazioarteko I. martxak 10 egunez oinez egin ditu Luxenburgo eta Estrasburgo elkartzen dituen 265 kilometroak. KNK Kurdistango Kongresu Nazionalak antolatu du martxa, 19 herrialdetako 80 pertsonez osatutako internazionalista talde batek eta Europan bizi diren kurdu batzuek hartu dute parte. Horien artean, sei euskal internazionalista izan dira elkartasuna adierazten, Kurdistanen alde lan egiten duten hainbat erakundetako kideak hain zuzen; Kurdistanen aldeko plataforma, Newroz Euskal Kurdu Elkartea, Biji Kurdistan edo Askapenako kideak, adibidez. Europako zenbait hiritan eta Kurdistango hiri nagusienetan ere antzeko martxak egin dira egun hauetan.

Samurtasun internazionalista
Nazioarteko I. martxa igandean iritsi zen Estrasburgora, Giza Eskubideen Europako Auzitegira aldarria eramateko. Topaketa handi bat burutu zen Frantziako hirian, nazioarteko martxaren buruan emakume internazionalistek Öcalanen irudia zuen oihal handi bat eramaten zutelarik, martxa babesteko hirira hurbildutako milaka kurduek ongi etorri beroa eman zieten. Azken urteetan Europar Batasunak Turkiako gobernu eskuindarrari emandako babesa dela eta, internazionalismoaren beharra nabarmendu zuten herri kurduaren zapalkuntza gaitzetsi eta kurduei babesa adierazteko. Momentu hunkigarriak bizi izan ziren ekitaldi nagusian, izan ere, kide internazionalistak ozen esan zuten “kurduak ez zaudete bakarrik, zuen ondoan jarraituko dugu guretzat eredu zaretelako” oholtzaren behealdean 15.000 kurduk “gora elkartasun internazionalista” oihukatzen zuten bitartean.

Emakumeak lehen lerroan
“Jin, Jiyan, Azadi!” (Emakumeak, bizitza, askatasuna) oihuak ozen entzun dira egunero. Azpimarratzekoa da, nazioarteko martxaren buruan ere beti emakumeak joan direla. Emakumeak Kurdistango iraultzaren ezinbesteko oinarri dira eta hauen borroka politiko eta militarra eredugarri bihurtu da nazioartean ere. Martxan zehar, Konfederalismo Demokratikoaren barruan sortu den zientzia feministaren inguruko hitzaldiak eman dituzte, “Jineology” deiturikoa.

Turkiar faxisten erasoak

Hamar eguneko bide luzean, martxak hainbat eraso faxista jasan ditu. Alemanian eta Frantzian turkiar asko bizi da, eta hainbatek bandera turkiarra eta “otso grisen” ikurra (Turkiako talde paramilitar ultra eskuindarra) eskutan hartuta jaso zuten martxa. Asteartean Sarre-Unionera iritsi zen martxa (Frantzia), kideak  kiroldegi batean lo egin zuten eta hara agertu ziren 30 turkiar faxista. Tentsio momentuak bizi izan ziren eraikinera sartu nahi zutelako, Frantziako Poliziak ez zuen ezer egin liskarrak ekiditeko eta azkenean antolatzaileek inguruan bizi diren kurduei deitu eta ordu bakarrean ehun kurdu baino gehiago agertu ziren martxa babesteko. Marmoutirren, Poliziak bi kurdu atxilotu zituen ostegun goizean beste turkiar batzuekin izandako liskarrengatik. Halere, erasoak eraso, martxak aurrera egin zuen.

Oihartzun handia komunikabideetan

Kurdistango komunikabide nagusienak jarraipen handia egin dute. Egunero, telebista nagusienek sei zuzeneko saio egin zituzten. Martxako internazionalistek egun batzuetan kurduen etxeetan egin dutenez lo, askotan harrituta agertu dira etxe horietara iritsi eta familia guztiak beraiek ezagutzen zituztela ikustean: “egunero ikusten zaituztegu telebistan oinez, zuetaz oso harro gaude, eskerrik asko!”.