argia.eus
INPRIMATU
Europarren %82 kezkatuta dago pobreziarekin eta bazterketa sozialarekin
  • Eurobarometroak udazkeneko inkestaren emaitzak eman berri ditu. Honen arabera, Europar Batasuneko biztanleen %46k uste du bizi maila jaitsi egin zaiola pandemiaren, Ukrainako gerraren eta prezioen igoeraren ondorioz. %39ak aitortu du zailtasunak dituela hilabete amaieran "fakturak ordaintzeko".

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 12a
Elikadura banku batean lanean (argazkia: EP)

Urtean bitan egin ohi ditu inkestak Europar Parlamentuak Eurobarometroaren bidez eta udazkenekoaren emaitzak egin ditu publiko. Ondorio esanguratsuak utzi ditu galdeketak.

Inkestan parte hartu duten herritarren artean %82 kezkatuta dago pobreziarekin eta bazterkeria sozialarekin. Beste kezka iturri nagusi bat prezioen gorakada da: zenbait herrialdetan, Grezian, Txipren, Italian edo Portugalen kasu, herritarren ia %100ak azaldu du kezka gai horren inguruan. Klima aldaketak eta Ukrainako gerrak ere kezka handia sortzen dute herritarren artean (%81).

Hilabete amaierara ezin iritsi

Inkestak herritarren ezinak ere islatu ditu. Hala, europarren ia erdiak (%46) nabaritu du bere bizi maila jaitsi egin dela eta beste %39 batek halakorik nabaritu ez arren uste du 2023an nabarituko duela. Bestalde, hilabete amaieran "fakturak ordaintzeko" zailtasunak aitortzen dituztenen portzentajea %30etik %39ra igo da.

Europar Batasunak eta estatu kideek egoera horri aurre egiteko sustaturiko politiken inguruan oso kritiko ageri dira herritar gehienak, soilik herena dago egindakoarekin ados. Hori bai, Ukrainako gerrari dagokionez, %74ak babesten du EB Ukrainari ematen ari zaion laguntza.

Baina orokorrean, Europar Batasunak eta Europar Parlamentuak duten irudiak ez du azterketa gainditu: %36k soilik baloratzen dute positiboki. Kontuan eduki behar da gainera Qatarreko ustelkeria kasuak azaleratu aurretik egin zela inkesta, urriaren 10aren eta azaroaren 7aren artean; 26.431 laguni galdetu zitzaien.