argia.eus
INPRIMATU
Europarlamentuko presidenteak Open Arms-en ontzia porturatzeko laguntza eskatu dio Europar Komisioari
  • Open Arms GKE katalanaren ontziak zortzi egun daramatza Lampedusako portutik 29 miliara. 121 migratzaile erreskatatu ditu ontziak, eta kapitainak salatu du, bero eta nekeaz gain, jana eta ura agortzen ari dela.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 09a
Open Arms GKEaren ontziko migratzaileak. Argazkia: Open Arms.

David Sassoli Eurokamarako presidenteak ezaxolarena egiteari uztea eskatu dio Jean-Claude Juncker Europar Komisioko presidenteari. Junckerrek adierazi du arazoa konpondu nahi duela, baina estatu-kide baten eskaera behar duela irtenbide bat koordinatzen hasteko.

Estatu-kide bakar batek ere ez du adierazi migratzaileak jasotzeko prestutasuna; GKEak Frantziari eta Alemaniari espresuki eskatu die migratzaileak jasotzea, baina hauek ez dute erantzun. Carmen Calvo Espainiako jarduneko lehendakariordeak prentsaurrekoan adierazi du ez dutela parte hartzeko asmorik: “Ez dugu zertan egin”, esan du Calvok.

Open Arms GKEak behin baino gehiagotan eskatu die Italiari eta Maltari porturatzeko laguntza, eta herrialde hauek esan dute ontziak jasoko dituztela, baldin eta beste estatu batek migratzaileak segidan hartuko dituela hitz ematen badu.

Laguntza eskatzeko mezu hunkigarriak zabaldu ditu David Sassolik sare sozialen eta Italiako La Reppublica egunkariaren bitartez: “Europak ez baditu Mediterraneoan zailtasunak dituzten eta bizitza hobe baten bila dabiltzan pertsonak laguntzen, bere arima eta bihotza galduko ditu”, zabaldu du Europarlamentuko presidenteak Twitter bidez.

Hala ere, David Sassoli italiarrak ez du adierazpenik egin bere herrialde eta gobernuari buruz. Asteartean Matteo Salvini Italiako Barne Ministroaren neurriak lege bihurtu zituen senatuak, eta halako legeak dira GKEen lana gehien oztopatzen dutenak, baina Eurokamarako presidenteak ez du honen inguruan iritzirik eman.